IHESLARIAK

Bake prozesua "blokeo" egoeratik ateratzeko eskatu diete Espainiari eta Frantziari

Baionako Euskaldunen plazatik 16:00etan zen abiatzekoa Bake Bideak gaurko deitutako manifestazioa, baina atzerapenarekin hasi da. Torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako euroaginduak amaitzea galdegin diete estatuei martxan elkartutako ehunka lagunek. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1840/[/berriatb]

berria.info
2013ko uztailaren 20a
19:51
Entzun

Errepresioa bukatu, bake prozesua orain lelopean abiatu da gaur Bake Bideak antolatu manifestazioa Baionako Euskaldunen plazatik. 16:00etan ziren hastekoak, baina oren erdi pasatxoko atzerapenarekin abiatu dira. Ehunka pertsona elkartu dira martxan.

Kalera ateraz, errepresioaren logika alde batera utzi eta gatazkaren konponbideari lotzeko exijitu diete Frantziako eta Espainiako gobernuei. "Gizarte zibilaren indarrarekin lor dezakegu Frantziako eta Espainiako estatuen jarreraren aldaketa", Anais Funosas eta Christian Desprez Bake Bidea taldearen ordezkarien arabera.

Askotariko eragileak elkartu dira manifestazioaren abiapuntuan. Besteak beste, Tasio Erkizia, Xabi Larralde, Anita Lopepe eta Maite Ubiria Sortuko kideak, Anaiz Funosas eta Gabi Mouesca Bake Bideko ordezkariak, Peio Etxeberri Aintzart EH Baiko kidea eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezordea izan dira. Cimadeko ordezkariek eta Akitaniako Kontseiluan Berdeetako hautetsiek ere bat egin dute protestarekin.

Jendartea mobilizatzera deitu dute manifestazio amaieran, pertsona eta mugimendu bakoitza bake prozesuan eragile aktibo bihur dadin. Blokeo egoeratik atera dadin eskatu diote Frantziari, eta torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen diren euroaginduak bukatu behar direla erran du Bake Bideak.

Ekainaren 15ean, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gatazkaren konponbiderako eragile izateko konpromisoaren berresteari atxiloketen bidez erantzun izana deitoratzeko izanen da gaurko manifestazioa. "Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko eta gizarte zabal batek bat egiten duelarik bake dinamika horretan, Frantziako Gobernuak jarraitzen du errepresio logika batean". Balorazio hori dute egiten manifestaziora deitzen duten eragile guztiek. Joera eta sektore ezberdinetako dozenaka eragilek dute bat egin Bake Bidearen mezuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.