KONPONBIDEARI BEGIRA

Bake prozesua bultzatzeko batzordeak elkarrizketarako prestasuna berretsi du

Batzordea EPPKren bitartekari taldearekin bildu zen abenduan, eta "harreman eraikitzaileari" eusteko konpromisoa hartu zuten.

2014ko otsailaren 12a
19:13
Entzun

ETAk larunbatean zabaldutako adierazpenaren ostean, batzordeak ETArekin elkarrizketan jarduteko "prestasuna" agertu du, Foro Sozialaren gomendioetan proposatutako bidean aurrera egiteko. Larunbateko agirian, ETAk iragarri zuen "ekarpen esanguratsuak" egingo dituela eta Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearekin harremanetan jarriko dela.

Halaber, batzordea Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldearekin bildu dela jakinarazi du. Bilera abenduaren 27an egin zuten, bitartekari taldearen eskaerari erantzunez. "Bai batzordeak eta bai bitartekari taldeak konpromisoa hartu zuen etengabeko harreman eraikitzailea izateko, gomendioen edukietan sakontzeko, batez ere presoen itzulerarekin zerikusia duten horietan. Konpromiso horrek hor dirau, urtarrilaren 8an eginiko operazioan bilera horretan izandako zenbait pertsona atxilotuak izan arren", azaldu du batzordeak.

Aldi berean, urtarrilaren 30ean eginiko bilera batean, batzordeko kideek bake prozesuko aktore nagusiekin elkarrizketa bideak zabaltzea adostu zuten. Hori dela eta, gobernuekin, alderdi politiko nagusiekin eta biktimen elkarteekin bilerak egiteko eskatuko dute.

"Lan horren bidez batzordeak gomendioen edukiari buruzko iritzi trukaketa bultzatu nahi du eta bere laguntza eta babesa eskaini nahi ditu bake prozesuak aurrera egiteko eta errotzeko pauso berriak eman daitezen", azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.