Politika

Bake prozesua lehenbailehen has dadila eskatu du Lokarrik Bilbon

Ehunka lagunek egin dute bat Bilboko kaleetan Elkarri-ren oinordeko den Lokarri herritarren sarearen aurreneko manifestazioarekin. 'Guztion artean. Bakea, akordioa, kontsulta' lelo hartuta, bake prozesua lehenbailehen has dadila eskatu dute. PPkoek eta Batasunekoek ezik, gainerako alderdi guztietako buruzagiek parte hartu dute ekitaldian. Jonan Fernandez Elkarri zeneko koordinatzailea eta Paul Rios erakunde berriaren koordinatzailea izan dira hizlari amaierako ekitaldian.

2006ko martxoaren 18a
19:16
Entzun
Fernandezek Elkarri-k bere helburuak bete dituela nabarmendu du: hau da, haiek zabaldutako mezuaren bidez gizarteak barneratu duela indarkeriarik eza, elkarrizketa eta alderdien mahaiaren eraketa direla gatazka konpontzeko bidea. Eskerrak eman dizkie Elkarri-ren 13 urteko ibilbidean erakunde horrekin bat egin duten guztiei.

Lokarri erakunde berriko koordinatzaile Paul Riosek, berriz, etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide, eta gizarteak konponbide prozesu bat lehenbailehen abian jartzen eskatzen duela nabarmendu du; hots, prozesu horri laster ekin behar zaiola aldarrikatu du. Gainera, prozesu horretan gizarteko sektore guztiek bazterkeriarik eta indarkeriarik gabe parte hartu behar dutela azpimarratu du.

Manifestazioa 17:40 aldera abiatu da La Casillatik, eta arin egin du Bizkaia plazara arteko bidea. Guztion artean. Bakea, akordioa, kontsulta leloa jartzen duen pankarta eraman dute erakunde berriko zuzendaritzako kideek segizioaren buru. Atzetik, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak joan dira, eta haien atzetik ehunka herritar.

Besteak beste, Iñigo Urkullu eta Josune Ariztondo EAJko zuzendaritzako kideek, Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiak, Daniel Arranz PSEko kideak, Gaspar Llamazares IUko koordinatzaileak, Javier Madrazo EBkoak eta Jon Erro NEBkoak, eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak eta Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak parte hartu dute. Jaurlaritzak ere bidali du ordezkaritza: Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea, Joseba Azkarraga Justizia sailburua eta Javier Madrazo Gizarte Gaietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.