Politika

Bake prozesua martxan jartzeko eskatu die EALek Espainiari eta Frantziari

ETAk borroka armatua utzi osteko egoera "luzatzea" ez da "etikoa, arrazoizkoa eta arduratsua", Europako Aliantza Librearen iritzian.

2016ko apirilaren 2a
11:56
Entzun

EAL Europako Aliantza Libreak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die bake prozesua martxan jartzeko Euskal Herrian, "aurten bertan". Egunotan bilera egiten ari dira Korsikan, eta bertan, EH Bilduren ekimenezko testua onartu dute. EH Bildu ez ezik, EALeko kide dira, besteak beste, Kataluniako ERC eta Eskoziako SNP. Gardena behar luke bake prozesuak EALen irudiko, eta gizarte zibilak bertan parte hartu behar luke, konfiantza sortu eta "bakerako kultura" eraikitzeko.

Bake prozesua abiatzeaz gain, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentzia kontuan hartu, eta euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea ere galdegin die bi gobernuei, eta baita larri gaixo dauden presoak askatzea ere. "Arrazoi humanitarioengatik", gatazkaren konponbidearekin zerikusia duten gai guztietan ekimena hartu behar luke Frantziako Gobernuak, EALen iritzian, "bere ardura" ere badelako.

Bi gobernu horien ekimenik ezean euskal gizartea eta Foro Soziala egiten ari diren lana eskeru du EALek, eta eskerrak eman dizkio Frienship taldeari ere, Europako Legebiltzarrean egiten ari den lanagatik. Era berean, ETA eta EPPK egiten ari diren urratsak bide onean doazela azaldu du aliantzak, eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeari jakinarazi dio, bertako kideak prest daudela edozertan laguntzeko.

Arnaldo Otegi libre atera dela ere ekarri du gogora EALek, adierazpenean, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete Otegiren eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko, alegia, uzteko "librekin politikan aritzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.