Konponbideari begira

"Bake prozesua sendotzeko neurrien" alde, Mexikotik

Euskal Herriko "bakearen eta justiziaren" aldeko adierazpena onartu zuten PT Lanaren Alderdiaren kongresuan; besteak beste, euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eskatu zuten.

Hodei Iruretagoiena
2014ko apirilaren 21a
07:18
Entzun

Martxo amaieran egin zuen urteroko bilkura Mexikoko PT Lanaren Alderdiak, eta nazioarteko 139 alderdi eta mugimenduk parte hartu zuten, horien artean, Kubako eta Txinako Alderdi Komunistak, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batua, Alemaniako Die Linke eta Saharako Fronte Polisarioa. Besteak beste, han izan zen Sortuko kide Asier Altuna ere.

"Gatazka politikoa konpontzeko aukera historikoa" aipatuz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak egindako "ekarpen baliotsuak" nabarmendu dituzte. Egoera horiek konpontzeko, Espainiari eskatu diote gaitz larriak dituzten presoak eta legearen arabera kalean egon behar luketenak askatzeko eta sakabanaketa politika amaitzeko. 

Gainera, "iritziagatik edo jarduera politikoagatik" preso dituztenak kaleratzeko ere eskatu dute, aipamen berezia eginez Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiari. Azkenik, torturapeko deklarazioak oinarri dituzten prozedurak, preskribatuta egon behar luketenak edo iritzi, adierazpen eta biltze eskubideak urratzen dituztenak bertan behera uztea galdegin dute. 

Babesa Aieteko Adierazpenari

2011ko urriko Aieteko Adierazpena ere ekarri dute gogora adierazpenean alderdi eta mugimendu horiek: "Babes handia jaso du nazioartean". Besteak beste, oroitarazi dute iazko urrian Mexikon bertan egindako Euskal Herriarentzako Pakearen Aldeko Kontinenteko Topaketa eta bide orri hari Latinoamerikako hamalau presidente ohik emandako babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.