Nazioarteko hamabi adituk urratsak eskatu dizkiete Espainiako eta Frantziako gobernuei normalizaziorako bidean, eta neurri zehatzak proposatu dizkiete horretarako: Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia libre uztea, 'Parot doktrina' indargabetzea, gaixo dauden presoak kaleratzea eta sakabanaketa politika bertan behera uztea galdegin diete bi gobernuei.
Kolonbia, Britainia Handia, Flandria, Hegoafrika, Argentina, Grezia, Argelia, Egipto, Irlanda eta AEBetako hamabi pertsona ezagunek sinatu dute adierazpena. Gehienak abokatu, sindikalista eta giza eskubideen aldeko militanteak dira: tartean daude Piedad Esneda Kolonbiako Alderdi Liberaleko senatari izandakoa eta 2009an Bakearen Nobel sarirako izendatua izan zena, Essa Mossa Hegoafrikako Auzitegi Goreneko Sala Handiko epaile ohi eta Afrikako Kongresu Nazionaleko komisio eratzaileko idazkaria, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako egungo ohorezko lehendakaria eta Alexander Moubaris hamabi urtez espetxean izan den apartheid-aren aurkako militante egipziarra.
Sinatzaileen arabera, "salbuespenezko neurri" horiek "kaltegarriak" dira bake prozesurako. ETAren jarduera armatuaren amaierari "bake justu eta iraunkorrerako" baldintzak sortzen lagunduko dioten neurri politikoekin erantzuteko eskatu diete bi gobernuei. "Gaurko lehentasuna elkarrizketarako espazio politikoa eratzeak izan behar du, eta ez polizia eta justiziaren aldetik ohikoak diren prozeduren erabilera", nabarmendu dute.
"Bakea eraikitzeko garaia" dela diote ekimenaren sustatzaileek, eta urratsak eskatu dituzte giza eskubideetan, justizian, egian eta sufrimendua jasan duten guztien erreparazioan oinarritutako etorkizuna lortzeko.