ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuenetik urtebetera ia bi puntu jaitsi da herritarrek bake prozesuaz egiten duten balorazioa. Hala adierazten du Lokarrik 2012ko uda eta udazkenean eginiko txostenak. Edonola ere, iazko udaberriko txostenean jasotako emaitza baino hobea da iazko udazkenekoa: 5,52 puntukoa zen bake prozesuaren balorazioa udaberrian, eta 0,27 handiagoa udazkenean.
Lokarrik bake prozesuaren Behatoki Sozialaren hamabosgarren txostena aurkeztu du, Bake prozesuaren egoeraren 2012ko uda eta udazkeneko ikuspegia jasotzen duena. Txostena galdetegia erantzun duten 954 lagunek bidalitako ekarpenak oinarritzat hartuz egin dute. Bertan, uztailetik azarora arteko bake prozesuaren egoera aztertzen da eta bakea eta bizikidetzaren errotzean aurrera egiteko helburu duten hainbat gomendio proposatzen dira.
Bake prozesuaren egoerari bataz bestean ematen zaion balorazioak (5,79) udaberriko Txostenean jasotako balorazioaren aldean (5,52) gora egin duen arren, Aieteko Konferentziak eta ETAren ibilbide armatuaren behin betiko eteteak eragin zuten itxaropen maila hoztu egin du egoera bere horretan trabatu dela emateak. Lokarriren arabera, jasotako iritziek "argi" erakusten dute "bake prozesuan aurrera egiten jarraitzeko beharra, bakea eta bizikidetza errotzen lagunduko duten pausoekin".
Datu bat nabarmendu du Lokarrik: "Jasotako erantzun eta iruzkinek ETAren indarkeriaren gabeziarengatik eta formazio politiko guztiek baldintza beretan parte hartzeko aukerarengatik egoera normalizatu egin dela erakusten dute".
Erakundeak ondorioztatu duenez, "instituzio, alderdi eta gizarte mugimendu guztien lana beharrezkoa da, gizarteari pauso eraikitzaile eta positiboetan zehaztuko den itxaropen zerumuga eskaintzeko helburuarekin". Horretarako, Lokarrik Espainiako Gobernuari eskatu dio ETArekin elkarrizketa prozesu bati ekiteko eta egungo espetxe politikan "beharrezkoak diren aldaketa guztiak" egiteko, "irizpide gizarteratuen araberakoak eta preso dauden Giza Eskubideen baitarakoak izango direlarik beti ere".
ETAri ere egin dio eskaria: galdegin dio berma ditzala "bere desarmeari eta deuseztatzeari ekiteko bideak" eta urratsak egin ditzala "eragindako mina onartzeko". Gainera, Eusko Jaurlaritza berriari proposatu dio maila politikoan zein gizarte mailan elkarrizketa guneak abiarazi ditzan eta estrategia konpartitu bat gidatu dezan "egungo egoera gainditzeko beharrezkoak diren adostasunak erdiesten laguntzeko".