Euskal Herriko gatazka

Bakea alderdien interesen aurretik jartzeko eskatu die Uriarte gotzainak politikariei

Urtero legez, Erramu Igandearen bezpera izanik, bakearen aldeko martxa egin da Oñatitik (Gipuzkoa) Arantzazura Gipuzkoako Elizbarrutiak antolatuta. Ekitaldiaren amaieran, bakerako deia egin du Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak, eta gizarte osoari helburu horren alde egin dezala eskatu badio ere, dei berezia egin die politikariei: bakea alderdien interesen aurretik jartzeko eskaera.

2005eko martxoaren 19a
14:56
Entzun
Azken urtebetean gizartearen bake itxaropena areagotu egin dela iritzi dio Donostiako gotzainak; hain zuzen ere, herritarrek "luzeegi" jo dutela bake gose horrekin nabarmendu du, eta gogo horren azpian sufrimendu handia dagoela. Zehazki, ETAren biktimak, mehatxatuak, atxilotuak, presoak eta haien senideak aipatu ditu Uriartek. Ildo horretatik, herritarrek bakean bizitzeko eskubidea ez ezik, "betebeharra" dutela esan du.

Hiru eskaera zehatz egin ditu Donostiako gotzainak. Batetik, gizarteari, oro har, eskatu dio "bakearen kultura" bultza dezala. Bigarren deia komunikabideei egin die: beren jardunaren bidez gatazka areagotu ordez "elkarrenganako hurbiltzea" bultza dezatela eskatu die. Hirugarren eskaera, berriz, politikariei zuzendu die: "Izan daitezela eskuzabal eta begira dezatela aurrera. Isil dadila behin betiko armen oihartzuna. Hitzegin dezatela sakon beren artean era guztietako joera politikoak dituztenek, eta jar dezatela bakea beren arteko eta berentzako bakea norberen interesen aurretik, baita norberaren bake proiektuaren aurretik ere", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.