Eusko Jaurlaritza

Bakea "behin betiko sendotu" dadin lan egingo du Bake eta Bizikidetza Sailak

Iraganaren “berrikusketa kritikoa” egitea, bakea “behin betiko sendotzea” eta etorkizunean  “bizikidetzaren kultura” indartzea izango dira Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza sailaren helburu nagusiak, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez.

edurne begiristain
2013ko urtarrilaren 29a
18:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Sailaren egituraren berri eman du gaur arratsaldean Iñigo Urkullu lehendakariak. Departamentu hori osatuko duten hiru kiderekin batera egin du agerraldia, lehendakaritzako egoitzan. Jonan Fernandez izango da Bake eta Bizikidetza Sailaren idazkari nagusia, Monica Hernando Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Txema Urkijo Biktimen Arretarako koordinatzaile eta aholkularia. Sail berria Lehendakaritzaren menpe egongo da.

Urkulluk adierazi duenez, bake bidean aurrera egiteko ireki den “aukera historikoa” baliatu nahi du Jaurlaritzak legealdi honetan. Hala, Bake eta Bizikidetza Sailak hiru helburu nagusi izango ditu. Batetik, iraganeko “berrikusketa kritikoa” garatuko du. “Gertatu dena ez dugu ahaztuko, eta denok egin beharko dugu berrikusketa kritiko hori”, esan du lehendakariak. Bestetik, bakea “behin betiko sendotzeko” lan egingo du, eta, horretarako, erakunde, alderdi eta eragile sozialekin ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuko da Jaurlaritza. Azkenik, etorkizunean “bizikidetzaren kultura” indartzea izango du xede sailak. 

Hiru helburu horiei loturik, bi egitasmo martxan jartzeko asmoa du Bake eta Bizkidetza Sailak: Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua sortuko du, batetik, eta Giza Duintasunaren defentsarako Plana martxan jarriko du, bestetik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.