Euskal herria

"Bakea eraiki nahi duten guztiekin hitz egin behar da, mingarria izan arren"

Joxemari Korta gogoratu dute Zumaian, haren hilketaren 13. urteurrenean, eta ETAren su-etenaren ondoren sortu den egoeraren inguruan manifestu bat irakurri du Adegiko presidente zenaren izena duen fundazioak. Bideoa: Joxe Mari Kortari omenaldia, Zumaian.

2013ko abuztuaren 8a
18:39
Entzun

Joxe Mari Korta zenaren omenaldiaren aurretik, Andoitz Korta, Jesus Mari Mujika eta Jesus Alberdik dekalogo bat aurkeztu dute gaur Zumaian, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ondoren sortu den aroari buruz. Gizarte zibilaren eginkizunaren garrantzia azpimarratu du Mujikak, eta jakinarazi du Bidetik fundazioa prest dagoela bake prozesu horretan parte hartzeko: "Bakea eraiki nahi duten guztiekin hitz egin behar da, mingarria izan arren". 

Tinko agertu da Mujika: "Inoiz eta inola ere ez dugu onartuko gure Joxemariren eta beste biktimen hilketak, zuzenki ala zeharka, gertakizun triste baina ezinbesteko bezala agertu nahi duen ikuspegi edo adierazpenik". 2011ko urriaren 20an ETAk behin betiko su-etena jakinarazi zuenean, "batetik, poza, eta bestetik, mina" sentitu zutela adierazi du Bidetik fundazioak: poza, "beste etapa bat ireki zelako Euskal Herrian, baketsua", eta mina, "ETAren su-etenaren adierazpen horretan ez zelako biktimekiko inolako errespetu eta begirunerik egon".

Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariak izan dira: besteak beste, Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatea; Eusko Jaurlaritzaren izenean, Arantza Tapia Ekonomia sailburua; eta Gipuzkoako Aldundiaren izenean, Marina Bidasoro Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren zuzendaria. Horrez gain, hainbat alderdie eta erakundetako ordezkariak ere bertaratu dira: Joxean Agirre (Sortu), Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria eta Markel Olano (EAJ), Pello Urizar (EA), Rebeka Ubera (Aralar), Pello Gibelalde Adegiko presidentea eta Gorka Maneiro (UPD).

Gaur hamahiru urte bete dira ETAk Joxemari Korta enpresaria hil zuela. Urtero bezala, Joxemari Korta Bidetik fundazioan ekitaldi bat egin du Korta enpresaren atarian, Zumaian (Gipuzkoa), Adegiko presidente izan zena gogoratzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.