Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak aurkeztu du kanpaina. Riosek nabarmendu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak "bakea errotzeko garrantzi handia duen momentu batean eta ezohiko egoera batean" direla, eta, beraz, Lokarrik eta, oro har, gizarteak interesa dutela jakiteko arlo horietan eman beharreko pausoez hautagaiek zein iritzi duten.
Bi minutuko bideoak egin dituzte. Hautagai guztiei helarazi die proposamena Lokarrik, eta Patxi Lopezek (PSE-EE), Iñigo Urkulluk (EAJ), Laura Mintegik (EH Bildu), Mikel Aranak (Ezker Anitza), Jose Navasek (Ezker Batua) eta Aitor Urrestik (Equo-Berdeak) onartu dute.
- Patxi Lopez (PSE-EE): “Urte askoan zehar espero izan dugun momentu historiko batean gaude. Baina batez ere, Euskadin izan den indarkeria espirala ixteko eta elkarrekin bizikidetza demokratikoa eraikitzeko aukera erraldoi baten aurrean gaude”.
- Iñigo Urkullu (EAJ): “Giza eskubideen errespetuan eta biktima guztien memorian sakontzen jarraitu nahi dugu, sufrimendua errespetatzen eta arintzen laguntzen, iraganaren berrikuste kritikoan, justizian eta elkarrizketan egin behar dugu lan”.
- Laura Mintegi (EH Bildu): “Legislazio transizional bat egin behar dela uste dugu. Hau da, transizio bitartean, ikusi nola pasatzen garen lesiboak edo kaltegarriak diren legeetatik, giza eskubideetan oinarrituta dauden legeetara”.
- Jose Navas (Ezker Batua): “ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa prozesu bat zabaltzea eskatzen dugu, desarmeari, presoei eta errefuxiatuei buruz hitz egiteko eta aldi berean, alderdi politiko guztien artean herritarren parte-hartzea nola artikulatu adosteko beste elkarrizketa prozesu bat hastea”.
- Mikel Arana (Ezker Anitza): “Ezinbestekoa da printzipio bat barneratzea: ez dago giza eskubideen gainetik edota etikaren printzipioen gainetik egon daitekeen ideiarik edo proiektu politikorik. Elkarrizketa da gatazka konpontzeko tresna bakarra”.
- Aitor Urresti (Equo-Berdeak): “Gizartea kontutan hartzen ez duen edozein konponbide porrot bat izango da. Erabakitzeko eskubidea eta parte-hartzeko eskubidea batera etorri behar dira”.