Euskal presoak gerturatzeko, behin-behinean kartzelan dauden, larri gaixorik diren eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten presoak askatzeko, Sortu legeztatzeko eta legez kanporatze politika amaitzeko, biktima guztiak aitortzeko, ETAk eta Espainiako Gobernuak elkarrizketak egiteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoari ekiteko. Horixe eskatuko dute etzi Madrilen irakaskuntzako, politikako, kazetaritzako, ingurumeneko eta beste esparru batzuetako lagunek, Bakea eta Demokrazia Euskal Herriarentzat agiriaren aurkezpenean.
Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan "garai politiko berria" zabaldu dela diote, eta hori baliatu beharra dagoela, luzapenetan ibili gabe. Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, ezker abertzalearen estrategia berria, Donostiako Nazioarteko Konferentzia eta ETAren urriko erabakia azpimarratu dituzte.
Ateneo aretoan izango da prentsaurrekoa (Prado kalea, 21), 12:00etatik aurrera. Dagoeneko 500 lagun inguruk sinatu dute agiria. Arduradunek diote martxoaren hasieran ekin ziotela idatzia egin eta atxikimenduak biltzeari. Horien artean dira, besteak beste, Julio Anguita, Adolfo Perez Esquivel, Pilar Bardem, Jose Luis Sampedro eta Isaac Rosa.