Ezker abertzaleak "Euskal Herrian bakea eta jokaleku demokratikoa eraikitzeko" ekarpena egingo du hilaren 26an, Donostiako Kursaalean. 12:00etan izango da ekitaldia, eta agiri bat plazaratuko dute.
Gaur goizean Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideek eman dute agiriaren berri. Bost ardatz nagusi izango ditu:
1-Bakea, Euskal Herrian eraikitzeko dagoen helburua.
2-Gatazkaren ondorioentzako erantzuna.
3-Aitortza sustatu, elkarrekiko errespetutik abiatuta.
4-Euskal Herriak daukan egia ezagutzeko premia.
5-Elkarrizketa eta akordio demokratikoa, berriro ez errepikatzeko bermeak.
"Baiezta dezakegu egoera berri batean gaudela. Gehiengo sozial nabarmenaren babesa jokaleku politikoan sakoneko aldaketa eragiteko gai izan da, eta konfrontazio demokratikoaren aldeko apustu irmoa egin du gehiengo horrek", adierazi dute.