MARIA SAN GIL (PP)
«Negoziazio posible bat planteatuta ausartago sentitzen da ETA orain»
«ETA indartsuago eta ausartago sentitzen da orain, Zapaterok terroristekin negoziazio posible bat planteatu eta gero». Irakurketa hori egin zuen Maria San Gil PPko EAEko presidenteak. Eta Zapaterori hartutako bidean atzera egiteko eskatu zion, «bide okerretik sartu dela konturatu beharko litzateke Zapatero, terrorismoaren kontrako politikak bi alderdi nagusiak batzea lortu zuelako».
JOSEBA PERMACH (Batasuna)
«Gatazka politiko eta armatuaren ondorioek, zoritxarrez, jarraitzen dute»
«Zoritxarrez gatazka politiko eta armatuak utzitako ondorioak bere horretan dirau», adierazi zuen Joseba Permach batasuneko eledunak. Gatazkaren testuinguruan kokatu zituen orain bi urte izandako udal eta foru hauteskundeak «Hegoaldekoerakundeek herritarron borondatea ordezkatzen ez dutela bi urte bete dira». Demokrazia eta bakera eramango gaituen elkarrizketaren alde egin zuen.
ONINTZA LASA (EA)
«Irtenbiderako benetako borondatea badago, ekintzok soberan daude»
Onintza Lasa EAko legebiltzarkideak atentatuak gaitzetsi zituen, «berez nahiko zailtasun baditu bakegintza eta normalizazio prozesu batek, oztopo gehiago jartzeko». Horrelako ekintzak bakegintza eta normalizazio prozesuarentzat oztopo bat direla iritzi zion, eta auzi honi irtenbidea emateko benetan borondatea baldin badago, horrelako ekintzak soberan daudela adierazi zuen.
JAVIER MADRAZO (EB-Berdeak)
«Bake prozesua eta elkarrizketa bateraezinak dira atentatuekin»
«Bake prozesua eta elkarrizketa bateraezinak dira atentatuekin» Javier Madrazoren ustez. ETAk bere egin behar du baieztapen hori, Madrazoren esanetan, gizarteak ez duelako ulertzen bake prozesu baten atarian egotea eta «ekintza terroristak» gogortzea. Horregatik, Zapaterori eta ETAri eskatu die bake itxaropena ez elikatzeko eta diskrezioz hitz egiteko indarkeria behin betiko amaitzeko.
ARALAR
«Ekintzok arriskuan jar dezakete bake prozesura iristea»
Aralarrek prentsa ohar baten bidez atentatua gaitzetsi eta kaltetuei elkartasuna helarazi zien. Era berean, uste dute ekintzok oztopoa direla Euskal Herriak eskatzen duen ziklo politiko berrira urratsak egin ahal izateko, eta arriskuan jar dezaketela agertoki horretara igarotzeko prozesua. Ziklo politiko berrira igaro ahal izateko «egin beharreko urratsak egiteko» eskatu zion oharrean Aralarrek ETAri.
NAFARROAKO GOBERNUA
«ETAk gizartea beldurtzen jarraitu nahi du horrelako atentatuekin»
ETAk gizartea beldurtzen jarraitu nahi du Nafarroako Gobernuaren ustez. Ondorio hori atera du behinik behin atzoko atentatuaren ostean. Bakearen eta bizitzaren alde apustu egiten duen gizartearen nahiarekin bat ez datorrela adierazi zuen prentsa ohar batean. Bertan, atentatua arbuiatu zuen. ETA Nafarroako herritarrei axola zaizkien gaietatik gero eta urrunago dagoela ere badio oharrean.
IÑIGO LAMARKA (Arartekoa)
«Bizikidetasunaren kontrako atentatubasatiak dira»
«Bizitzaren eta bizikidetasunaren kontrako eraso basatiak» dira Iñigo Lamarka Arartekoaren irudiko ETAk eginiko atentatuak. Erakunde armatuaren erasoek gizakien eskubide oinarrizkoenak larriki hausten dituztela gaineratu zuen Lamarkak. Hortaz, ETAri, berriro ere, desager dadila eskatu zion Arartekoak, «askotariko gizarte tolerantean bakean eta aske bizi ahal izateko».
RODOLFO ARES (PSE-EE)
«Zuzenbide estatuaren irmotasunarekin ETAk badaki azkenetan dela»
«Madrilen gertatutako atentatuak gogorarazten digu terrorismoa oraindik ere badela, eta batasun osoarekin eta zuzenbide estatuaren tresna guztiekin aurre egin behar zaiola», adierazi zuen Rodolfo Aresek. Zuzenbide estatuaren irmotasun politiko eta moralak ETAren egungo «ahultasuna» posible egin duela iritzi zion, eta bide horrek baino ez duela bermatuko ETA amaitzea.
CONDE-PUMPIDO (Fiskal nagusia)
«Otegiren deklarazioaren eta atentatuaren artean lotura egon daiteke»
Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo deklaratu behar zuela atera zuen Espainiako Fiskal Nagusi Candido Conde-Pumpidok atentatuari buruz hitz egiteko. «Otegiren deklarazioaren eta ETAren erasoaren artean lotura egon daitekeenik ezin dugu alboratu». ETArekin hitz egiteko erabakiaren baldintza erakundeak indarkeria uztea izan behar dela azaldu zuen.