Ustekaberik ez. Espero zenez, Patxi Zabaleta hautatu du Aralar alderdiak Nafarroa Bai koalizioaren izenean 2011ko Nafarroako hauteskundeetarako lehendakarigai izan dadin. Atzo egin zuten bozketa, Iruñeko Baluarte jauregian egindako batzarrean, eta bozen %93,81 izan zituen alde Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Nafarroako politikagintzan «aldaketa sakona» behar dela esanez onartu zuen izendapena Zabaletak: «Aukerak baditugu, eta azken indarrak amaitu arte jokatu behar dugu; abertzaleak ez dira orain arte halako erronka baten aurrean egon».
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak Gernikan egindako akordioa aipatu zuen Zabaletak bere hautagaitzaren oinarri ideologikoen artean. «Ez da bakegintzarako bidean azken etapa, baina bertan biltzen diren oinarriak trinkoak dira, eta hurrengo pausoak oinarri horretatik abiatuta egin beharko dira». Izan ere, hori da, Zabaletaren hitzetan, Aralar eta NaBairen proposamenaren lehen zutabea: bakegintzarena. Bakea eta askatasuna lortzeko, «arriskuak» hartu beharko dira, haren ustez.
Bide politikoetatik soilik landu beharrekoa da normalizazioa, Zabaletaren hitzetan. Haren ustez, borroka armatua baztertzeko bideak «egiaztagarria» eta «ordainik gabekoa» izan behar luke, bide politikoetatik soilik lortzen baita «politika iraunkor bat» egitea. «Inork ez lioke irabazi beharko Aralar eta NaBairi bakea lortzeko esfortzu horietan».
Erabakitzeko eskubidea da Zabaletak aipatutako bigarren zutabea. Haren hitzetan, «Nafarroari dagokion eskubidea» da hori, baita eskubide demokratiko guztietan transbertsalena ere. Hala, orain arte «hautsita» egon diren Nafarroaren Euskal Herriko beste herrialdeekiko harremanak konpondu egin behar liratekeela zehaztu zuen.
Giza elkartasuna da Zabaletak aipatutako Aralarren eta NaBairen hautagaitzaren hirugarren zutabea. Politika aurrerakoiakbehar ditu, haren aburuz, Nafarroak. Ustelkeria desagerraraztearen eta politika «duintzearen» alde ariko dela ere zehaztu zuen. «Soiltasuna» proposatu zuen horretarako.
Ekimeneta epe zehatzak ere aipatu zituen. Nafarroan euskaraz aritzen diren hedabideei buruzkoa, adibidez: «Nafarroa Baik agintea eskuratzen duenean, eta eskuratuko du,hamabost egunen buruan amaituko da orain arteko zapalkuntza; hamabost egunen buruan, ETB, Euskalerria irratia eta beste libre izango dira».
Nafarroa Bairen barruan independenteek duten zereginari buruzko erabaki bat ere hitzartu zuen batzarrak atzo. Koalizioan independenteek hitza eta botoa eskuratzea da Aralarren asmoa. EA eta EAJrekin sinatutako antolakuntza akordioa aldatzea proposatuko du Aralarrek, koalizioaren aldeko konpromisoari eutsiz eta NaBai alderdien koalizioa dela zehaztuz betiere.
PSNk, Jimenez; PPk, Cervera
PSNk ere hauteskundeetako programa zehazteko bilkura egin zuen atzo Iruñeko Baluarte jauregian. Han izan zen Roberto Jimenez PSNren Nafarroako lehendakarigai izango dena, baita Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroa ere. Haren ustez, gizarteak ontzat joko du PSNren azken urteetako jarrera «arduratsua», zeinak Nafarroari «egonkortasuna» eman baitio «gehien behar zuenean».
Nafarroako PPk ere atzo proposatu zuen 2011ko hauteskundeetarako bere hautagaia: Santiago Cervera. PPren zuzendaritzak berretsi behar du erabakia.
Bakea lortzeko «arriskuak» hartu beharko direla uste du Zabaletak
Botoen %93,81ekin hautatu du Aralarrek Patxi Zabaleta NaBairen izenean Nafarroako lehendakarigai izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu