Indar politiko eta sozialen mahai edo foro bat sortzea premiazkoa da, Aralarren ustez, «bakegintza eta normalkuntza behin betikoa izan dadin». Foro horretan Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko indar guztiek parte hartu behar dute, eta, horregatik, foro edo mahai hori Iruñean sortzea proposatu du Aralarrek. «Europan edo nazioartean Nafarroak duen ezagutzak alde batetik eta hemen daukagun indar politikoen korrelazioak Iruñeari sinesgarritasun eta inpartzialtasun garrantzitsua emanen diote». Patxi Zabaleta, Dani Maeztu eta Asun Fernandez Garaialde Aralarreko burukideek eman zuten atzo Iruñean proposamenaren berri.
Aralarrek gainerako alderdiei dei egin zien atzo, egoitza Iruñean izango duen «salbuespenik gabeko mahai edo foro baten eraikuntza» onar dezaten. Elkarrizketa politikoa areagotzea da Aralarren helburua, behin betiko bakea eta normalkuntza politikoa eskura ahal izateko eta elkarbizitza iraunkor eta egonkorra lortzeko».
Oinarri etikoak
Aralarren ustez, bakegintza eta normalkuntza prozesua zenbait oinarri etikotan eraiki behar da. Horietako bat da, Aralarren esanetan, «abantaila politikorik ez izatea inolako indar politikorentzat». Hori dela eta, alderdi politikoen mahai edo foroak ez du izan behar lidergo edo lehentasun politikoak sortzeko helbururik, «zeren eta helburu hori aniztasunaren eta salbuespenik ezaren aurkakoa izanen litzatekeelako». Horregatik, Aralarrek uste du EAEko PPko buru Antonio Basagoitik plazaratu duen proposamena ez dela onargarria.
Alderdien mahaiaren zereginetako bat, Aralarren ustez, «nazioarteko eragileekin eta desarmea egiaztatzeko antolakundeekin salbuespenik gabeko harremana sustatzea da». Alderdien foroaren beste eginkizunetako bat indarkeriaren ondorioak gainditzeko ardura bere gain hartzea litzateke. Bai indarkeria guztien biktima guztiekin lotutako ondorioak, bai presoei dagokiena ere.
Azkenik, normalkuntza politikoari buruzko elkarrizketa ireki bat bultzatzea beharrezkotzat jo du Aralarrek, salbuespeneko legeria eta jurisdikzio bereziak gainditzeko, eta ez dadin gehiago posible izan ideia eta jardun politikoen kriminalizazioa.
Bakea sendotzeko Iruñean foro bat sortzea proposatu du Aralarrek
Mahaiak ez luke inor baztertu beharko, eta euskal lurralde guztietako ordezkariak bildu beharko lituzke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu