Hizkuntza eskubideak

"Bakean bizitzeko tresna bat", urteetako ondarea lagatzeko

2016ko abenduan egingo duten nazioarteko goi bileran aurkeztu dute. Hura prestatzen nazioarteko aditu eta prestigio handiko elkarte ugari arituko dira. Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik eta Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu dute egitasmoa.

Proiektuaren aurkezpena, gaur. IBAN ARREGI
Arantxa Iraola - Iñaki Petxarroman
2015eko martxoaren 31
08:02
Entzun

Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dute 2016ko abenduan egin asmo duten Europako Hizkuntza Aniztasunari buruzko nazioarteko goi bilera. Goi bilera atontzeko "egokiena" Kontseilua dela oroitarazi du Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik. 

Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du "bakean" bizitzeko tresna bat eman nahi duela goi bilerak, eta "urteetarako" ondarea lagako duela. Europa osorako "erreminta" bat. Balizko "errezeloak", gizarte zibilak "motor" izan behar duela ulertuta, baretu egingo direla dio Bilbaok.

Nazioarteko goi bilera

Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko helburuarekin, protokolo bat landuko dute Donostian. Proiektuaren sustatzaileak Kontseilua eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua fundazioa izango dira, eta, haien ekimenez, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo da Gipuzkoako hiriburuan, 2016ko abenduan.

Proiektu horren bidez, gizarte eragileen, erakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabalduko dute, helburu zehatz batekin: hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratu eta horren ondorioak nazioarteko goi bilera batean aurkeztea.

Proiektua gaur ezagutaraziko dute hedabideen aurrean, baina, BERRIAk jakin duenez, goi bileran aurkeztuko duten protokoloa hainbat lantaldek hurrengo hilabeteetan adostuko dutenaren emaitza izango da, eta ikuspegi zientifiko, akademiko eta soziala bilduko ditu. «Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna izango da», adierazi dute arduradunek.

Hortaz, protokoloa nazioarteko foro eta erakundeetara eramango dute Donostiako goi bileran onartu ostean, eta oinarri bat izango da askotariko erakundeek hizkuntza aniztasunarekin duten konpromisoaren oinarri arautzaile gisa erabiltzeko.

Proiektuaren helburu nagusiak lau dira: batetik, hizkuntza aniztasuna eta garapena bermatzea, eta elkarbizitzarako eta bakerako oinarri funtsezkoak direla aldarrikatzea; bestetik, tresna eraginkor bat sortzea hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzak garatzeko; hirugarrenik, hizkuntza komunitateak prozesu horretan subjektu gisa agertzea, eta gizartea kudeaketa bidezko horren berme bat dela aldarrikatzea; eta, azkenik, Donostia eta Europako Kultur Hiriburua prozesu horren mugarri izatea.

Ika-mika iturri

Jakina denez, Kontseiluaren proiektuak zeresan handia eman du, eta ika-mika iturri ere izan da. Izan ere, Donostia 2016 fundazioaren patronatuaren barruan dauden lau erakundeetatik bik —Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak— ez dute begi onez ikusten. Areago, Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman du patronatuak berak kultur hiriburutzaren urtean goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena.

Donostia 2016 fundazioko patronatuak iazko apirilaren 1ean onartu zuen Kontseiluarekin hitzarmen bat sinatzea hizkuntza aniztasunaren gaineko goi bilera bat egiteko, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldeko botoekin. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak itunaren aurka sinatu zuten, eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bere kalitatezko botoa erabili behar izan zuen hitzarmenak aurrera egin zezan. Iazko abenduan, berriz, goi bilera aurrera eramateko ituna sinatu zuten, eta, horren bidez, Kontseiluak goi bilera antolatzeko 400.000 euro jasotzea onartu zuten.

Alabaina, hil honetan Espainiako Kultura Ministerioak hitzarmen hori auzibidera eraman du, Donostiako lehen auzialdiko epaitegian helegitea jarrita. Izan ere, ministerioaren arabera, kultur hiriburutzaren kontratazioek Arlo Publikoko Kontratuen Legearen barruan egon behar dute, eta horren arabera, Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena lehiaketa publiko baten bidez egin behar zen. Izagirrek «desleialtasun larritzat» jo du Espainiako Gobernuaren ekinbidea, eta hitzarmena «berme juridiko osoz» egin dela ziurtatu du. Jaurlaritzak bat egin du Espainiako Gobernuarekin. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, berriz, gogor gaitzetsi du helegitea: «Aniztasunari egindako eraso bat da».

Sustatzaile eta sinatzaileak

Proiektuaren sustatzaile nagusiak Donostia 2016 fundazioa eta Kontseilua izango badira ere, nazioarteko talde antolatzaile batek gidatuko du prozesua. Talde antolatzaile horretan, giza eskubideen, hizkuntza eskubideen, hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen sustapenean lanean ari diren nazioarteko gizarte erakundeen sareak eta gobernuz kanpoko erakundeak egongo dira. Besteak beste, proiektuaren jarraipen zuzena egingo dute UNPOk, Linguapaxek, Nazioarteko PEN Klubak, Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sareak, Cienemek eta Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroak (ECMI).

Batzorde zientifikoa erreferentziazko 15-20 adituk, intelektualek eta ikertzailek osatuko dute. Batzorde horren lana izango da goi bileran aurkeztuko den eduki guztia lantzea.

Azken testua sinatzaileen esku utziko dute gero, eta horiek hizkuntzen inguruko ikerketan, sustapen lanean eta gutxiengoen eskubideen defentsan lan egiten duten eragileak izango dira, besteak beste. Eragile horiek nazioarteko komunitatearen aurrean balioa emango diote protokoloaren edukiari, eta testuaren ordezkari eta enbaxadore bihurtuko dira.

Egitasmoaren sustatzaileek ezarritako ildoaren arabera, hemendik 2015eko urrira bitartean proiektuaren nondik norakoak zabaltzeari ekingo diote, gizarte eragileen —bereziki hizkuntzaren alorrean dabiltzanak— ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Urritik 2016ko maiatzera bitartean, berriz, batzorde zientifikoak eta talde antolatzaileak zuzenduta, goi bileran aurkeztuko duten agiria landuko dute. Hortik urrira bitartean atxikimenduak jasotzeari ekingo diote, eta proiektua Europako gizarte eragileekin partekatuko dute.

Azkenik, abenduko goi bileran batzorde zientifikoak aurkeztuko ditu egindako lana eta jasotako atxikimenduak, eta, bide batez, beste fase bati ekingo diote, onartuko den testua aurrera begira tresna eraginkorra izateko bidea zehaztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.