Udako oporrak hastear daudela, urte politikoari buruzko balorazioa egin du gaur goizean EH Bildu koalizioak Eusko Legebiltzarrean. Laura Mintegi, Julen Arzuaga, Dani Maeztu, Eva Blanco eta Diana Urrea agertu dira komunikabideen aurrean balantzea egiteko. Bake eta normaliazio politikoaren alorrean Eusko Jaurlaritzak egindako lana kritikatu du Arzuagak; uste du Urkulluk "muzin" egin diola gizartearen gehiengoaren nahiari, eta "txeke zuria" eman diola PPren gobernuari baketzean "geldirik" jarrai dezan. Horren aurrean, EH Bilduk bake bidean aurrera egiteko elkarlanerako eskaintza egin dio EAJri. Zehazki, EAJri eskatu dio egun Eusko Legebiltzarrean dagoen "gehiengo abertzalea" balia dezala bake eta normalizazio politikoan aurrerapausoak emateko. Era berean, bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea "blokeo egoeratik" ateratzeko elkarlana eskaini dio. "Gehiengo abertzalea aintzat hartzeko deia egiten diogu EAJri", esan du Arzuagak.
Bestalde, Laura Mintegik kritikatu du Eusko Jaurlaritzak erantzun "epela" eman diela Espainiako Gobernutik etorritako "mehatxu eta inposizioei". Hala, "eraso" horiei aurre egiteko EH Bilduren "lankidetza zintzoa eta eskuzabala" proposatu dio Mintegik Jaurlaritzari. "Gure lankidetza eskaini nahi diogu elkarrekin egin dezagun bidea. Enbatan dago Euskal Herri osoa, eta mehatxu horri erantzun ausartak eman behar dizkiogu", esan du.
Eusko Legebiltzarra
Bakean urratsak egiteko "gehiengo abertzalea" balia dezala eskatu dio EH Bilduk EAJri
Espainiatik datozen “mehatxuei” aurre egiteko lankidetza “zintzoa” eskaini dio EH Bilduk Iñigo Urkulluren gobernuari. Jaurlaritzaren jardunaren balantze ezkorra egin du koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu