Suminduta. Lur jota. Ezin sinetsirik. «Oso zoritxarrekoa da lanbide hau». Gotzon Sanchezen (Errenteria, Gipuzkoa, 1972) telefonoa jo eta jo aritu zen atzo goizean. Lankide askok deitu zuten, babesa erakusteko. Baita hedabide batzuek ere. Iragarkia egin duen ekoiztetxeak, ez, ordea, ezta Coca-Colak ere. Ez du ulertzen nolatan kendu duten iragarkia salaketa soil baten ondorioz. «Gaizki jokatu du Coca-Colak».
Nola hartu duzu albistea?
Afera honek gainezka egin du; ez nuen uste horrelako tamaina hartuko zuenik: iragarkia kendu dute. Eraso bat da hori. Ezin justifika daiteke pertsona baten aurkako erasoa modu batean edo bestean pentsatzeagatik.
Ate arriskutsu bat ireki dute. Beste aktore batzuen lana arriskuan egon daitekeela uste duzu?
Sorgin ehiza bat da. Zer egingo dute? Aktore bakoitzaren curriculum pertsonala begiratu lana eskaintzeko? Zein abizen duten. Zeren bazkide diren... Erne egon daitezela lankideak
Beste iragarki batzuk ere egin izan dituzu Espainiako telebistetan.
Orain aste batzuk arte Mercedesentzako egindako iragarkia ematen zuten. Non dago arazoa? Duela urte batzuk Mahuen iragarkia egin nuen, eta urte horretako saria irabazi zuen. Baina horrek guztiak berdin dio. Albiste bat behar zuten, eta arazoa sortu dute.
Parot doktrina amaitzeko ekitaldian parte hartu zenuen.
Nire herria baketzearen eta biktima guztiak adiskidetzearen alde lan egiteko prest agertuko naiz beti. Orain hilabete Madrilen egon nintzen, ETAren eta GALen biktimen senideekin egon nintzen. Carrero Blancoren bilobak eta nik elkar besarkatu genuen, eta bakeaz hitz egin genuen. Ea hori jartzen duten curriculumean. Bakearen aldeko aldarriak egiten jarraituko dut, bai Euskal Herrian eta bai Madrilen.
Pentsatzeko eragatik baztertu zaituztela uste duzu?
Ez dut hori pentsatu nahi, delitu larria baita hori. Hain da surrealista. Pentsatzen dut Iruñeko Anaitasuneko ekitaldi hori aurkeztu nuelako egin dutela.
Nola eragingo dio horrek zure lan ibilbideari?
Ez dakit. Kalte asko egin dit honek profesionalki. Baina kea besterik ez da. Zeren errudun naiz ni? Antena 3ek ez al nau gehiago hartuko nire pentsatzeko moduagatik? Gure lanbidea ez da kanpora begira eman dezakeena bezain ederra.