BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak iragarri du "egoera berria" dela-eta hilaren bukaeran antolatuko duela bere azken manifestazioa. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua betiko bukatu duela, eta BAK-ek ez du uste indarkeriarik ezaren nazioarteko egunaren —urtarrilak 30— inguruan hurrengo urtetik aurrera manifestaziorik deitu behar duenik.
"ETAk 'jarduera armatua' bukatu duenetik, gizarte osoa —tartean, BAK— egoera berrira egokitzen joan da. Etorkizun libreak eta indarkeriarik gabekoak itxaropen handia ematen digu", esan du koordinakundeak gaur, ohar baten bidez. "Gizartearen gehiengoaren nahia bete" dela iritzi dio. "ETA bidean geratu da eta etorkizuna gurea da. Lortu dugu. Demokrazia, askatasuna, errespetua, tolerantzia, justizia eta indarkeriarik eza nagusitu egin dira beldurrraren, izuaren eta opresioaren aurrean".
BAK 1988an hasi zen urtarrilaren bukaerako martxa antolatzen, eta urtero egin du. Aurtengoaren data zehatza ez du eman oraindik.