Juan Maria Uriarte Gipuzkoako gotzain ohia, Zumaiako emakumeen arraun taldea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuen Federazioa eta Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioa saritu zituen atzo, besteak beste, Sabino Arana fundazioak. Bilboko Arriaga antzokian banatu zituzten atzo eguerdian sariak, eta fundazioko presidente Juan Maria Atutxak eta zuzendari Irune Zuluagak eman zituzten sariak.
Bake prozesua "geldirik" dagoela ohartarazi zuen Uriartek, eta urratsak egitera dei egin zuen, prozesua "usteldu" ez dadin. Haren arabera, beharrezkoa da ETAk armak ematea, Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatzea eta biktimek "barkatzea".
"Bakeari eta adiskidetzeari eginiko ekarpen nabarmena" egin diolakoan saritu dute Uriarte, eta "biktima guztiek barkatzeko keinu eskuzabal, zail eta mingarria" egitearen alde agertu zen atzo.
Juan Maria Atutxa fundazioko presidenteak ere hartu zuen hitza: "Gaur denok dugu amets bat; Euskadi bakean, denon artean eta denontzat. Eta ziur nago egun batean amets hori errealitate bihurtuko dela. Ez da zure edo nire bakea izango, denona baizik. Ez da garaipenaren edo porrotaren bakea izango, ezta lubaki edo hilerriena, ezta ahanzturarena ere. Bake zailena izango da: gorrotorik gabeko bakea, elkarrizketarena, adiskidetzearena, giza eskubideena".