Egungo giro politikoari buruz mintzatzeko kazetariekin elkartu da gaur Azkarraga, eta batzar horretan egin ditu adierazpen horiek guztiak.
Bakea lortzeko prozesua une honetan geldituta dagoela iritzi dio Jaurlaritzako Justizia sailburu eta EAko buruzagiak; "geldialdi arriskutsuan", zehaztu du. ETAk ezarritako azken bonbak jarri ditu horren adibide.
Nolanahi ere, Azkarragak argi du egungoa une erabakigarria dela bakegintzan aurrera egiteko. Izan ere, 2007an hauteskundeak daudela gogorarazi du, eta, beraz, prozesua lotzeko hamaika hilabete besterik ez daudela nabarmendu du. "Hamaika hilabete baino ez ditugu hau ondo amai dadin lortzeko. 2006an egiten ez duguna ezinezkoa izango zaigu 2007an egitea", adierazi du.
Alde horretatik, mezu argia helarazi nahi izan dio ETAri: Azkarraren aburuz, erakunde armatuarentzat "azken aukera" da oraingoa, "azken trena". Horregatik, erabateko desegitearen aurrekoa izango den menia eman dezala eskatu dio. Espainiako Gobernuari ere galdegin dizkio prozesua abian jartzen lagun dezaketen "keinu argiak"; zehazki, presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dio.
Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak presoen inguruan agertu dituen azken jarrerak kritikatu ditu, zehazki, Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak atzo egindako adierazpenak: ETAko presoak zigorra beteta kartzelatik atera daitezen eragozteko "akusazio berriak eraikitzen" lan egingo dutela agertu zuen atzo Lopez Aguilarrek. Azkarragaren iduriko, Eduardo Fungairiño Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskalburua kargutik kentzeak zenbait sektoretan eragin duen erreakzio bortitzarekin beldurtu egin da Zapateroren Gobernua, eta horregatik iragarri dituzte presoen aurkako neurri gogorrak. "Fungairiño kargutik kendu dutelako jasan dituen presioen ondorioz zangoak dar-darka ditu Gobernuak, eta kontrako norabidean pausuak ematera derrigortua sentitu da", adierazi du.
Nolanahi ere, Lopez Aguilarrek iragarritako legearen kontrakoa dela salatu du Azkarragak: "Akusazio berriak eraikitzea legearen kontra aritzea da. Nazioarteko legea bizi arteko espetxe zigorrari mugak jartzeko saioa egiten ari da, eta, gainera, Espainian ez dago bizi arteko espetxe zigorrik".
Politika
Bakegintza "geldialdian" dagoela iritzi dio Azkarragak
Une honetan bakegintza "geldialdi arriskutsuan" dagoela uste du Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburuak, eta 2007an hauteskundeak egingo direla aintzat hartuta, prozesua aurrera eramateko "hamaika hilabete soilik" daudela oharrarazi du. Prozesua bizkortze aldera menia emateko eskatu dio ETAri eta presoak Euskal Herrira ekartzeko Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu