Talde politiko guztiei, gainontzeko erakundeei eta "bakegintzan" lanean ari diren talde sozialei irekia egongo den lan taldea eratzeko mozioa aurkeztu du Aralarrek Eusko Legebiltzarrean. “Indarkeriaren ondorioei nolako aterabideak eman behar zaien eztabaidatzea eta adostea luke helburu bat. Gure herri eta auzoetan bakearen kultura lantzeko eta hedatzeko, eta elkarbizitza sustatzeko hartu beharreko ekimenak eztabaidatzea eta adostea litzateke beste xedea”, esan du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak.
Patxi Lopez Eusko Jaualaritzako lehendakariari hainbat bider eskatu dio Aralarrek "bakea egonkortzeko eta normalizatzeko" ekimena har dezala. "Baina, emandako erantzunaren aurrean, legebiltzarrak ekimena har dezala nahi dugu”, azaldu du Ezenarrok. “Ez gaude prest legegintzaldiari geratzen zaion azkeneko urtebetean legebiltzarraren papera ikusle huts izateko, elkarbizitza baketsuaren eraikuntzan ekarpenik egin gabe”.
Mozioa otsaileko azkeneko ohiko osoko bilkuran eztabaidatzea nahi du Aralarrek. “Garrantzitsua da bizi dugun une politikoaren aurrean espetxe politikaren malgutzeari babes politikoa emango dion akordioa zehaztea; eta, bestetik, udalekin elkarlanean, gizartearen oinarrian bakearen kultura berria sustatu eta elkarbizitza bermatzeko ekimenak adosteko gunea ezartzea”.