Goizeko bederatzi eta erdietan zen hastekoa Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko osoko bilkura, Patxi Lopezek Jaurlaritzako lehendakaritza hartu zuenetik aurrenekoa. Baina arazo teknikoak tarteko, hamarrak arte atzeratu dute; Arantza Quiroga Legebiltzareko presidenteak agertu dutenez, sistema informatikoko disko gogorrak izan ditu akatsak.
Horiek konponduta hamarretan arazorik gabe hasi da osoko bilkura, Lopez lehendakariaren hitzaldiarekin. Lan politika aktiboen transferentzian ados jarri direla iragarri zuten EAJk eta PSOEk atzo, gaurko saioaren bezperan, eta Lopezek horren inguruan agertuko zuen jarrerak ikusmina sortu du. Akordio horren zeharkako balorazioa eginez hasi du hitzaldia, "poza" adierazteko.Eskumen horren negoziazioaren bidez, jeltzaleak "Estatutura itzuli" direla eta Espainiako politikagintzan engaiatu direla iritzi dio, eta horrek etorkizuneko akordioak erraztuko dituela. Transferentzia albiste ona dela erantsi du, autogobernuan sakontzean herritar guztien onerakoa dela argudiatuta.
Ekonomiaz aritu da ondoren, bere gobernuak krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak eta lortzen ari den emaitzak azpimarratzen. Besteak beste, BPG %0,5 igo dela agertu du. Ildo horretatik, egungo Jaurlaritzaren "sendotasuna" goraipatu du, eta euskal gizartera lasaitasuna ekarri duela adierazi. Esate baterako, EITBren zuzendaritzan aurreneko aldiz "profesional talde bat" dagoela esan du, "izendapen alderdikoiak amaituta".
Bakegintzari 43. minutu arte ez dio heldu, eta heldu dionean ez du proposamenik egin, "batasunerako et airmotasunerako" deia baino ez: "Denei eskatzen dizuet batasuna; batasuna eta irmotasuna". ETAk eraso ekintza armatuei uko egin izana eta Bruselako adierazpenarekin bat egiteko prestutasuna agertzea amarrutzat jo du, eta "iruzur" horretan ez erortzeko deia egin. "Terrorismoaren aurka" aurreko gobernuak baino sendoago aritu dela adierazi du, eta, horren ondorioz, indarkeriaren amaiera inoiz baino hurbilago dagoela: "Ahalegin horrekin lortu dugu, munduko zuhurtasun guztiaz bada ere, erabateko askatasuna eta indarkeriaren amaiera hatz puntekin ukitzea".
lldo horretatik, hil berri den Jose Antonio Labordeta kantautore espainiarrak askatasunari egindako kantuaren aipamena egin du, baina frankismoaren testuinguruan barik egungo Euskal Herrian ETAren indarkeriaren testuinguruan jarrita.
Ez da hori izan egin duen aipu bakarra; aitzitik, Gariren Esperantzara kondenatua kantaren hitzak ere erabili ditu, eta Bernardo Atxaga idazlearen 'euskal hiriaren' kontzeptua ere bai.
Bere gobernuak hezkuntzan egindakoaz ere aritu daLopez, eta EAEko sistemara "hizkuntz askatasuna" eraman dutela adierazi du. Halaber, ingelesari emandako bultzada azpimarratu du.
Inbertsioen arloan, AHT erabateko lehentasuna dutela agertu du, eta 2011n 275 milioi euro esleituko direla lan horietarako.
Politika orokorreko saioa Eusko Legebiltzarrean
Bakegintzan ez du proposamenik egin Patxi Lopezek, "batasun eta irmotasunerako" deia baino ez
Jaurlaritzako lehendakaritzara iritsi zenetik politika orokorreko lehen osoko bilkura du gaurkoa Patxi Lopezek. EAJk eta PSOEk itundutako lan politika aktiboen transferentziagatik "poza" agertuz hasi du hitzaldia. Jeltzaleak Estatutura itzuli direla iritzi dio. Inbertsioetan AHTk erabateko lehentasuna izango duela iragarri du. Aralar, EA eta EBk bakebidean pausoak emateko eskatu diote Lopezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu