Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko parlamentaria Juan Carlos I.a Espainiko erregearekin bildu da gaur eguerdian Madrilen, Zarzuelan, eta Euskal Herriaren gatazkaren bakegintzan inplikatzeko eskatu dio, ondoren jakinarazi duenez. Gutun bat eman dio Errekondok Espainako erregeari, honek Kongresuan ordezkaritza duten guztiekin egiten duen bilera errondaren barruan. Errekondok gaineratu du Juan Carlos I.a Amaiurrek Kongresuan talde propioa izatearen alde agertu dela.
Trajearekin eta gorbatarekin joan da Errekondo gaur Borboikoarengana, hitzordua baino hamar minutu lehenago. Orain dela 18 urte Jon Idigoras HBko parlamentaria ere horrela joan zen, eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur esan du berak dituela Idigorasek orduko horretan erabili zituen trajea eta gorbata. Zarzuela jauregiaren barruan egin dio harrera Espainiako erregeak, eta eskua eman diote elkarri. Ondoren, Borboikoaren bulegoan eman dio gutuna Amaiurrekoak.
Garitanoren hitzetan, Borboikoaren eta Errekondoren arteko bilera normaltasun ikur bat da, Amaiurreko ordezkariak "Espainiako Estatuak Euskal Herria onartu eta erabakitzeko eskubidea aitortu" behar duela eskatu diola-eta. LABek ere aro berriaren adierazle jo du bilera.