Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta hainbat eragile sindikal eta sozialek bakegintzari buruzko akordioa aurkeztuko dute bihar Gernika-Lumon. Hala, Europa Press berri agentziak gaur jakinarazi duenez, ETAri "su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria" emateko eskatuko diote, eta Espainiako Gobernuari Alderdien Legea bertan behera uzteko eta euskal presoen arloan aurrerapausoak emateko (presoak Euskal Herrira ekartzeko edota gaixorik daudenak libre uzteko).
Europa Pressek azaldu du sinatzaileen ustez idatzia "argia eta indartsua" dela. Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izena jarri diote idatziari, agerraldiaren deitzaileek arratsaldean prentsa oharrean esan dutenez. Lizeo Antzokian izango da ekitaldia, 17:00etatik aurrera.
Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak goizean Onda Vasca irrati katean adierazi du "gutxieneko demokratikoen" akordio zabala aurkezteko agerraldia izango dela biharkoa, baina ez du bestelako zehaztasunik eman. Hedabideetara egindako filtrazioak txarretsi ditu Goirizelaiak.
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak gaur adierazi du oraindik "itxi gabe" dagoela testua, "sukalde lanean" ari direla.
Ezker abertzaleak eta EAk ekainaren 20an "akordio estrategikoa" sinatu zutenetik hainbat bilera egin dituzte eragileekin, eta gutxieneko demokratikoen arloan lortutako emaitza da bihar aurkeztuko dutena. Ezker abertzaleak eta EAk ekaineko hitzarmen hartan independentisten elkarlana ere aipatzen dute.
ETAk irailean bi agiri atera ditu: hilaren 5ekoan jakinarazi zuen "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki zuela duela hilabete batzuk eta hilaren 19koan, berriz, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei esan zien prest dagoela "konponbide demokratikoak behar dituen urratsak" eurekin aztertzeko, "ETAk hartu beharreko konpromisoak barne". Brian Currin bitartekariak atzo iragarri zuen Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek erantzun bat emango diotela ETAri.
politika
Bakegintzari buruzko akordio zabala aurkeztuko dute bihar Gernikan
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, ABk eta hainbat eragile sindikal eta sozialek sinatu dute idatzia; "argia eta indartsua" da. Europa Press berri agentziak dioenez, ETAri "su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria" emateko eskatuko diote, eta Espainiako Gobernuari Alderdien Legea bertan behera uzteko eta euskal presoen arloan aurrerapausoak emateko. Lizeo Antzokian izango da ekitaldia, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu