ezker abertzalearen legeztatzea

'Bakerantz, legalizazioa' manifestazioa gaur zortzi, Bilbon

Euskal gizarteko hainbat lagun ezagunek egin berri dute deia. 17:30ean hasiko da martxa isila, Casillatik. Ezker abertzalea "legeztatu beharra" dagoela diote, "demokrazia dagoelako jokoan". Deitzaileen artean dira Joxe Arregi, Txaro Arteaga, Xabier Arzalluz, Anjeles Iztueta, Antton Lafont, Martxelo Otamendi, Maixux Rekalde, Iñaki Perurena, Paul Rios, Jesus Uzkudun edo Xabier Zubizarreta. "Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman".

2011ko otsailaren 12a
19:08
Entzun
Euskal gizarteko 22 lagun ezagunek ezker abertzalearen legeztatzea eskatzeko manifestazio isilera deitu dute gaur Bilbon, Abando hotelean egindako agerraldian. Gaur zortzi izango da martxa, Bakerantz, legalizazioa lelopean (17:30, Casilla).

Xabier Oleaga kazetariak egin du prentsaurrekoaren aurkezpena, eta Kontxita Beitia ikastoletako hasiera garaiko andereñoak eta Cesar Arrondo euskal diasporako kideak irakurri dute idatzia. 11:00etan hasi dute agerraldia.

"Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman", diote deitzaileek idatzian. "Bakearen gertutasuna diogunean, ETAren bortizkeriaren amaieraz ari gara, bai eta euskal herritarrek jasan dezaketen giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen, urraketa egoera gainditzeaz ere".

Ezker abertzalearen aurrepausoak nabarmendu dituzte, "lehen mailako aldaketa baita euskal eszenatokian. Bereziki ez dago ezkutatzerik edo ukatzerik otsailaren 7an Euskaldunan egindako agerraldia". Hala, eremu politiko hura "legeztatu beharra" dagoela diote, "demokrazia dagoelako jokoan".

"Jarrera aktiboa, tinkoa, irmoa" hartzeko dei egin dute. "Bakea eta demokrazia denon ondare dira. Horiek lortu eta finkatzeko konpromisoa ere denoi dagokigu".

Deitzaileen artean dira Joxe Arregi, Txaro Arteaga, Xabier Arzalluz, Anjeles Iztueta, Antton Lafont, Martxelo Otamendi, Maixux Rekalde, Iñaki Perurena, Paul Rios, Jesus Uzkudun edo Xabier Zubizarreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.