Baketik zentroaren esanetan, Eusko Legebiltzarrerako urriaren 21eko hauteskundeak "normalizaziorako mugarri" izango direla. Jonan Fernandez, Peio Sarasua eta Marina Goikoetxea ordezkariek agerraldia egin dute gaur Donostian; urte bateko gogoeta prozesuaren berri emateko.
Fernandezek adierazi du urriaren 21eko bozen aurretik normalizazioa lortzea ez dela posible, "ilegalizazioen ondorioz". Gainera gizarteak trantsizio bati amaiera emateko beharra duela esan du; "zaharran hil eta berria jaio".
Gogoeta prozesuaren emaitzak
Baketik zentroak urte bateko gogoeta prozesua amaitu ondoren, bere ondorioak aurkeztuko ditu irailaren 29an Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Baketik 2006ko urrian sortu zen. Bost urteko ibilbidearen ondoren, 2011ko urrian, urte bateko gogoeta-prozesua zabalduko zuela adierazi zuen, bere egitasmoa "birpentsatzeko eta berkokatzeko". Prozesuak bi erreferentzia handi ditu kontuan: alde batetik, ordura arte egindako ibilbidearen ebaluazioa; eta bestetik, testuinguru berrien eragina: krisia eta bakea.
Datorren ikasteturteari begira Baketik-ek berrikuntzak jasoko ditu bere egitasmoan. Beti ere, aurreko lan-ardatzak sendotuz. Jarraipena izango duten ildoak lau dira funtsean: formazioa garapen pertsonalaren arloan; hezkuntza munduari eskainitako zerbitzuak, bakerako berradiskidetze eta bizikidetza prozesuari ekarriak, eta elkartasun proiektuekin jarraitzea.
Berrikuntzei dagokionez, "pisuzkoak eta era askotakoak" izango direla adierazi du Baketik-ek; "egungo krisi orokorrari alternatiba gisa begiratzen dion proposamena aurkeztuko dugu". Baketik-en iritziz, bizikidetzan berradiskidetzea oso lan beharrezkoa da, "denbora pasatzen den heinean, horren beharra ahazten doalako". Gainera, egitasmo berriak gizarte eta garapen eredu berriak sustatzeko helburua izango duela adierazi du.