Baketze lanetan hasteko eskatu die Iñigo Urkulluk Madril eta Gasteizi

Ezker abertzalea eta ETA «elkarren artean borrokan» dabiltzala iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzari

Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez lukete ETA «desegin arte» itxaron behar baketze lanetan hasteko, atzo EAJko EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi zuenez. «Gauza asko egin daitezkeela uste dut», esan zuen Onda Vascan. «Gobernuek, ETAren behin betiko amaiera itxaron gabe, gizarteratze, adiskidetze eta baketze prozesurako bidea prestatzeko lanean has daitezke», azaldu zuen, eta erantsi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezi planteatu zizkiola hainbat «lasaitze elementu».

Horien artean kartzela politika «malguago» bat proposatu zuen, «ordaindu beharreko prezio gisa ulertu gabe», eta lagungarri izan litekeela esan zion Lopezi, «une honetan politika egin nahi duela dioen mundu horretako zatiak apustu ausartagoak egin ditzan».

Bide batez, ezker abertzaleari «udal eta foru hauteskundeetan egon dadin, egin beharreko urratsak egin ditzan» eskatu zion. Dena den, urrats horiek nahikoa izango diren zalantzan jarri zuen Urkulluk, PSE-EEren adierazpenei erreparatuz gero. «Deigarria egin zitzaidan PSE-EEko lehendakariak esatea Gabonetarako ETAk agiri bat kalera dezakeela, baina, aldiz, politika egin nahi duen talde hori hauteskundeetan izango dela, baina autonomikoetan», azaldu zuen EBBko buruak. «Eta ordura arte zer?» galdegin zuen Urkulluk, eta susmoak dituela adierazi zuen «denbora kalkuluekin jolasean» ari ote diren PSOE eta PP.

Ezker abertzalea udal eta foru bozetan egongo den baieztapenaren zain dago Eusko Alkartasuna, baina uneotanbere hauteskunde zerrendak egiten ari dela berretsi zuen atzo, ETBn, EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek. Dena den, zehaztu zuen «euskal gizartearen ilusioa piztuko duen elkartze bat egiteko aukera balego», proiektu horrekin bat egiteko prest legokeela EA. Alderdi honetako ordezkaritza bat AEBetan da, eta atzo Euskal Herrian ireki den prozesuaren berri ematen duten agiriak utzi zituzten Alderdi Demokrataren New Yorkeko egoitzan. Ordezkari demokratek «pozez» jaso zituzten berriak, eta agiri horiek Washingtongo egoitza nagusira bidaliko dituztela hitz eman zien EAko ordezkariei.

Ezker abertzalea «aldatzen»

Aukera hori aurreikusten ez duenetakoa da Eusko Jaurlaritza. Hala ere, Idoia Mendia bozeramailearen ahotik, atzo onartu zuen «aurrerapausoak eta aldaketak» ikusten dizkiola ezker abertzaleari, eta aldaketa horien ondorioz Jaurlaritzari iruditzen zaiola ezker abertzalea eta ETA «borrokan» ari direla. ETAri buruz «galdu samar» dabilela iruditzen zaiola esan zuen Mendiak Radio Euskadin; «ikusiko dugu azkenean armak uzten dituen»; dena den, «etorkizun ez hain abstraktuan» indarkeriaren amaiera sumatu daitekeela iritzi zion.

Lokarri bai, etorkizun konkretuaz mintzatu zen atzo Info7 irratian, eta beharrezkotzat jo zuen ezker abertzaleak berdintasunean politikan parte har dezan. Paul Riosentzat garrantzitsua litzateke europar buruzagi eta gobernu batzuek defendatuko balute ezker abertzalearen politika egiteko eskubidea, Gerry Adamsek asteon egin duen gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.