Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du gaur arratsaldean Bakion (Bizkaia), larunbat goizaldean herrian izandako erasoaren egilea delakoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu du 16:30 aldera hartu dutela atxilo gaztea; atzo Ertzaintzarenean izan zen, lekuko gisa deklaratzen. Hipotesirik ez du jakinarazi Poliziak; argitu du, hala ere, lehen ikerketen arabera, atxilotutako gizonak ez zuela bikotea ezagutzen.
Zauritutako neskak larri jarraitzen du Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia); labanaz egindako zauri ugari dauzka gorputzean. Erietxeak emandako mediku agiriaren arabera, egonkor dago gaztea. Haren bikotekideari senda-agiria eman diote.