Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, iragan larunbat goizaldean Bakion (Bizkaia) jazotako erasoarekin lotuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, 32 urteko gizonezko bat da preso hartu dutena, eta homizidio saioa leporatu diote. Etxean zegoela atxilotu dute. Gizonak igandean deklaratu zuen ertzainen aurrean, lekuko gisara.
Iragan larunbatean gertatu zen erasoa, 04:30 aldera. 18 urteko neska, Maider Fernandez, eta 17 urteko mutila, Borja Mandaluniz, oinez zihoazen Bakio eta Bermeo elkartzen dituen errepidean. San Pelaio auzoan zeudela, Bakioko ur araztegiaren inguruan, pertsona bat gerturatu, eta labanaz eraso zien biei. «Bat-batean» oldartu zitzaien, Herrizaingo Sailaren esanetan. Larri zauritu zuen neska, eta arinago mutila. Gurutzetako Erietxera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten neska, eta, haren osasun egoera egonkorra den arren, larri dago oraindik ere. Ebakuntza egin diote sastakatutako birikan, eta apur bat hobera egin du. Mutila, ordea, Basurtuko ospitalera eraman zuten, Bilbora, eta igandean eman zioten senda-agiria.
Erasoaren nondik norakoak aztertzen jarraitzen du Ertzaintzak. Ez dute ezagutarazi gertaeraren inguruko hipotesirik, baina, Ertzaintzak esan duenez, uste du erasotzaileak ez zituela gazteak ezagutzen.
Bakio, «pozarren»
Bakioko udalbatzak elkarretaratzera deitu zuen atzo arratsaldeko zortzietarako, eta ehunka pertsona elkartu ziren udaletxearen aurrean. Iker Muruaga alkateordeak adierazi duenez, «pozarren» daude herrian, «arin» atxilotu dutelako ustezko erasotzailea. Atxiloketaren berri izan zutenetik herritarrak lasaiago daudela nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkien herritarrei.
Orobat, Bakioko Udalaren eta herritarren babesa adierazi zien Muruagak erasoak izan ziren bi gazteei, eta erantsi zuen neskak hobera egitea dela udal ordezkarien eta herritarren nahia. San Joan Doloz jaiak ospatu dituzte asteburuan Bizkaiko kostaldeko herri horretan.
Bakioko erasoaren ustezko egilea atzeman dute
Homizidio saioa egotzita atxilotu dute 32 urteko gizon bat; igandean deklaratu zuen, lekuko gisara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu