Bakion ustez bikote bati labana sartu zion gizona espetxeratu egin dute
Epaileak espetxera bidali du Bakion (Bizkaia) bikote gazte bati labana sartzea egotzita astelehenean atxilotu zuten gizona. Atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta Basaurin kartzelatu zuten. Ustezko erasotzailearen etxea ere miatu zuen Ertzaintzak, epailearen aginduz. Baina Herrizaingo Sailak adierazi duenez, ez zuten aurkitu erasoa egiteko erabili zen arma. Larunbatean izan zen erasoa. Bikotea Bakio eta Bermeo elkartzen dituen errepidetik zihoan, oinez. San Pelaio auzoan zeudela, pertsona bat gerturatu eta labanaz eraso egin zien, bat-batean. Larri zauritu zuen neska, eta zauri arinagoak egin zizkion mutilari. Neskari ebakuntza egin zioten, eta erietxean jarraitzen du, baina gela arrunt batera eraman dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu