ELAk Bilbon egin du manifestazio nagusia, eta aberastasunen banaketa egokiagoa eta gizarte eradu justuagoa aldarrikatu ditu. Ildo horretatik, langileen eskubideak gero eta gehiago kolokan daudela ohartarazi du Jose Elorrieta idazkari nagusiak, eta haiei eusteko ezinbestekoa dela mobilizatzea. Langileen borrokan grebak duen garrantzia azpimarratu du, eta langileen oinarrizko eskubideetako bat dela oroitarazi du.
Lan arloko aldarrikapenez aparte, egungo egoera politikoari buruzko gogoeta ere egin du Elorrietak Bilboko ekitaldian. Zehazki, Lizarra-Garaziko ereduan oinarritutako burujabetzaren aldeko indarren arteko elkarlanaren beharra azpimarratu du. Eredu hori egungo egoeran ere baliagarri dela agertu du.
LABek, berriz, Iruñean egin du manifestazio nagusia, besteak beste, hartara Volkswageneko langileekin bat egiteko. Rafa Diez idazkari nagusia han izan da, eta Euskal Herria libre eta sozialista izan dute lelo. Manifestazio ondorengo hitzaldian konponbide prozesua izan du hizpide eta iragarri du sindikatuek prozesu horri ekarpena egingo diotela; areago, ekarpen hori daotzen asteetan irits daitekeela esan du.
Iruñean ez ezik, Euskal Herriko beste 20 bat lekutan egin ditu LABek manifestazioak, besteak beste, Donibane Garazin ezik, hiriburu guztietan.
EILASek eta ESK-k ere Iruñea hautatu dute beren aldarrikapenak plazaratzeko gune. 12:00etan abiatu da manifestazioa Takonerako lorategien aurretik, Normalizazio politikoaren eskutik normalizazio soziala lelo hartuta.
UGTk eta CCOOk, berriz, elkarrekin egin dituzte maiatzaren 1eko ekitaldiak. Nagusiabilboko manifestazioa izan da, han parte hartu baitute Josu Onaindi eta Damaso Casado CCOO eta UGTko EAEko idazkari nagusiek. Bakearen alde. Enplegu egonkorra berdintasunean aukeratu dute gaurko lelotzat bi sindikatu horiek, eta, hortaz, ETAren su-etenak zalbadutako garaiaren garrantzia azpimarratu dute. UGTko idazkari nagusi Candido Mendezek Madrilen esan du "zuhurtzia" behar den arren, "bakeare itxaropena" zabaldu delako aukeratu dutela lelo hori. Izan ere, bi sindikatu horiek Espainiako Estatu guztian erabiliko dute bakearen aldeko mezua.
Baionan, ostera, sindikatuen arteko batasuna izan da maiatzaren 1eko ezaugarri nagusa. LAB, CGT, CFDT, FO, CFTC, FSU, UNSA eta FCPE sindikatuek elkarrekin egin dute manifestazioa, 10:30etan Lan Burtsatik abiatuta, eta CPEren inguruan lortutako garaipena eta CNE proiektuaren salaketa izan dituzte ardatz. Frantziako Gobernuak gazteak lan munduan txertatzeko CPE legea bertan behera uztea lortu dute sindikatuek eta gazte mugimenduak, prekarizazioa dakarrela iritzita. Orain gauza bera egin nahi dute CNErekin; hots, 20 langiletik beherako enpresetarako CPEren pareko egitasmoarekin.
CNTk, azkenik, Bilbon egin du manifestazioa Ez zaitez zapaltzen utzi lelopean.
Maiatzaren 1a
Bakoitza bere aldetik ibili dira sindikatuak, baina guztiek izan dute su-etena gogoan
Maiatzaren 1a izanik langileen aldarrikapenen oihartzunak bete dituzte kaleak. Hala ere, sindikatuen artean ez da batasunik izan, eta gehientsuenek beren kabuz egin dituzte ekitaldiak. Baina guztiek gauza baten inguruan egin dute bat: ETAk su-eten iraunkorra eman ondorengo lehen maiatzaren 1a denez, bakea eta konponbidea aldarrikatzen. Bakoitzak bere ñabardurak ezarri dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu