Maria Kutz Nafarroako Osasun sailburuak esan du bere sailak "zalantzarik gabe" baimenduko duela klinika batek Nafarroan abortuak egiteko egin duen eskaera, horrek baldintza guztiak betetzen ditu. Eskaera mahai gainean dute Osasun sailean, eta hiru hilabeteren buruan erabakia hartuko dutela aurreratu du.
2010eko ekainaren 25eko 831 dekretuan daude jasota bete beharreko baldintzak, eta dagoeneko eskaera egin duen klinikak betetzen dituen edo ez aztertzen ari direla esan du. Cannaregio sozietateak egin du eskaera, eta egoitza Antsoainen jartzeko asmoa du. Cannaregio sozietateak Nafarroan erregistratuta dago, eta beste batzuen artean, Bilboko Euskalduna klinikako ginekologo Jose Gurrea dago atzean.
Baimenaren zain daudenez, eperik ez dutela jarri azaldu du Gurreak. Urtero 600 eta 700 emakume bitartean joaten dira Euskal Herriko beste klinika batzuetara edo Espainiara abortatzera. Cannaregioko arduradunen arabera, Nafarroan abortatu nahi duten emakume guztiak hartzeko gai izango da klinika.