Kartzela bakoitza mundu bat da: ezberdinak dira arreta, espetxeko medikuarekiko harremana eta ospitaleko joan-etorriak. "Baina batean edo bestean, oro har, baldintzak ez dira onak". Javi Hernando familia medikuak urteak daramatza gaixo larri dauden presoen inguruan lanean. Dioenez, kanpotik, ez da erraza espetxeetako medikuekin hartu-emana izatea: "Saiatzen gara haiekin harremanetan jartzen, telefonoz; baina, askotan, ez dugu lortzen. Esaten dute ez daudela, bilduta daudela...". Batik bat, senideek ematen diete presoaren egoeraren gaineko informazioa, baita presoen beren eskutitzetatik ere lortzen dute. Txosten medikoak ere lortzen dituzte normalean. "Puzzle horrekin guztiarekin, ahal duguna egiten dugu. Bidea zaila da".
Gaixo larri dauden lau gipuzkoarrek dituzten gaitzak ez dira kartzelan egoteko modukoak, Hernandorentzat. "Gaixotasun sendaezinak dira, kronikoak, larriak". Ondo sendatzeko tratamendu egokia eman behar zaiela dio, ingurua ere egokia behar dute, jarraipen zehatza, kontrolak, errehabilitazioa... "Kartzelan ezin da hori lortu, edo baldintza txarretan". Lau kasuak aztertu ditu banan-banan Hernandok:
IBON FERNANDEZ IRADI
"44 urte ditu. Esklerosi anizkoitza dauka. Gaixotasun neurologiko bat da. Normalean, ia-ia beti progresiboa izaten da. Agerraldiak izaten dira, eta agerraldi horietan sintoma neurologikoak agertzen dira gehienbat: galera edo defizit neurologikoak. Esate baterako, izan daiteke ondo ez ikustea, hanka edo beso batean mugimendua galtzea...Baita mina, txingurritasunak eta sentsibilitate falta ere. Zainekin, nerbioekin, zerikusia daukaten sintomak dira.
Pronostikoa txarra da. Abanikoa handia da; batzuen eboluzioa azkarrago doa, beste batzuk geldi bezala daude, eta gero berriro hasten dira...Bukaera defizit neurologiko garrantzitsuekin izaten da, eta, batzuetan, aulki gurpildunean geratzen dira. Ibonek orain defizit neurologikoak ditu, txingurritasunak, sentsibilitate falta beso batean, mina enborraldean...Gaixotasun honen tratamenduak nahiko gogorrak dira, eta horrek eskatzen du jarraipena egitea. Agerraldiak daudenean tratamendu bereziak daude kortisonarekin, eta, normalean, ospitaleratu egin behar izaten dituzte. Nahiko arrazoia da gaixotasun honekin kalean egoteko".
GARIKOITZ ARRUARTE SANTA CRUZ
"35 urte ditu. Duela zortzi bat urte diagnostikatu zioten espondilitis ankilosantea. Gaixotasun larri eta progresiboa da. Poliki-poliki mugimendua galtzen dute, askotan geratzen dira bizitza normala egin ezinda, erabat zurrun. Gaitz konplikatuak dira, eta konplikazio asko izan ditzakete. Garik, esaterako, uveitisa izan zuen, arazo garrantzitsua begietan. Orain, bizkar osoko mina du, eta ziatikak eduki ditu. Bi sakroiliakak erasanda dauzka —bizkar ondoko artikulazioak—, eta bi hanketan mina.
Tratamenduak ezberdinak izaten dira, eta, ankilosatuak geratzen direnez, garrantzitsua izaten da ariketa. Progresiboa denez, eta oraindik Gari, komatxoen artean, ez dagoenez horren gaizki, iruditzen zaigu progresio hori ahalik eta mantsoena izateko tratamendu orokor bat beharko lukeela. Almeriako kartzelan dago, eta arreta ez da oso zuzena".
JAGOBA CODO CALLEJA
"51 urte ditu. Nahiz eta beste diagnostiko batzuk eduki dituen —arazo handiak izan ditu ahoan, inplanteak ditu aho guztian—, gehienbat bere diagnostiko nagusia espondilitis ankilosantea da. Martutenen dago, eta Donostiako erreumatologiako zerbitzuak diagnostiko bera egin du. Sintomatologia ugaria du: zerbikaletan, lunbarrean, besaburuetan, ukondoetan...Ia-ia artikulazio guztietan. Gogortasun arazo handia ere badu; gauean mina... Sendatzeko toki hoberena ez da kartzela".
AITZOL GOGORZA OTAEGI
"40 urte ditu, Basaurin dago, eta gaixotasun mentala du. Obsesio konpultsio desoreka dauka, eta sintoma psikotikoak. Gaitz hau dutenek burutik kendu ezin dituzten ideia obsesiboak dituzte, ideia horiekin jarraitzen dute etengabe, eta, halakoekin, sufrimendua izugarria da beraientzat. Edozein irtenbide aurkitzen saiatzen dira askotan; bere buruaz beste egiten ahalegintzen dira. Sendaezina da, eta episodioak gero eta gogorragoak dira. Aitzolek 24 orduko laguntza protokoloa izan du; ondoan beste preso bat, bere buruaz beste ez egiteko.
Gainera, duela gutxi beste arazo bat eduki du, txikia ez dena: biriketako tronboenbolismoa. Gaixotasun larria da. Orain, tratamendua hartu behar du horretarako ere".