Baldintzak sortuz

Prozesu demokratikoa garatzeko abiapuntua alde bakarreko urratsak direla uste du Arnaldo Otegik. Hala, mesfidantzen gainetik baldintzak sor daitezkeelako. Ezker abertzalearen apustua atzeraezina dela dio.

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Gatazka politikoa gainditzeko aurrera egin behar da, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen iritzian. Immobilismoak gainditu egin behar dira, eta blokeoei gailentzeko urratsak egin. Baldintzak sortu. Ezker abertzaleak eztabaida eginda eta Zutik Euskal Herria dokumentua osatuta urrats garrantzitsua egin duela uste du. «Mesfidantzak» egon arren immobilismoa gaindituko bada, berebiziko garrantzia ematen die aldebakarreko urratsei. Dioenez, une honetan «prozesu demokratikoa ez dago aurretik egindako akordioen, eta gobernu zehatz batenganako konfiantzaren menpe». Aurrerago alde askotako akordioak beharko direla onartu du, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du baldintzak sortzea «gizartearen mobilizazioarekin eta nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin». Hala, ezker abertzalearen «gatazkaren konponbide baketsu eta demokratikoaren aldeko» jarrera «atzeraezina» dela berretsi du.

El País egunkariak elkarrizketa zabala egin dio Otegiri, Navalcarneroko espetxera (Madril) galdetegia igorrita. Igandean argitaratu zuen Espainiako egunkari horrek John Carlin kazetariak egindako elkarrizketa. Borroka armatuaren inguruko hainbat galdera egin zizkion, eta haiei guztiei norabide berbereko erantzunak eman zizkien presoak, ezker abertzaleko zuzendaritzako kide gisara. «Armek, arma guztiek behin betirako desagertu behar dute ekuazio politikotik»; «Independentziara daraman bide bakarra dago: bide baketsu eta demokratikoetatik doana. Indarkeria armatua ez dugu ikusten estrategia independentistarekin bateragarria»; «Ustez kale borroka ekintzak izan direnen aurrean ezker abertzaleak erakutsi duen desmarkeak garbi uzten du bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoa». Atentaturen bat balego, ezker abertzalea horren aurka jarriko litzatekeela ere argitu du.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketa «heldutasunaren» erakusgarritzat jo du Otegik, eta hori «muturreko egoeran» egin dela nabarmendu du, alegia, errepresioak gogor jotako garai batean. Estatua aldaketa trabatzen saiatu dela uste du, eta saio horretan kokatu du duela urtebete bera eta beste hainbat kide atxilotu izana.

Espainiaren aldetik, ordea, ezker abertzaleak eman duen pausoaren pareko jarrera espero du Otegik. «Itxaropena eta desioa daukat Espainiako herriak, botere publikoek, eragile sozialek, politikoek eta gobernuak sendotasun bermearekin esan dezaten koakzioak, torturak, alderdien legez kanporatzeak, komunikabideen itxierak eta abarrek ezin dutela beren estrategiaren parte izan eta ezin dutela oztopatu proiektu independentista».

Azken negoziazio prozesutik irakaspen garbi bat atera duOtegik. «Gobernuak eta neurri handi batean ETAk» okerreko eskema jarraitzen zutela uste du: «(...) Errepresioaren mehatxua edo atentatuak egitekoa akordioak egiteko orduan besteen posizioak aldatzeko eta blokeoak gainditzeko formula eraginkortzat jotzen diren eskeman aritu ziren. Frogatuta geratu da eskema horrek blokeoak gainditu beharrean handiagoak sortzen dituela, desberdintasunak gainditu beharrean enkistatuz». Eskema hori gaindituta dagoela dio, eta inork ez lukeela erabili behar.

Jolas erretorikoa

Otegirek hitzekin «ez nahasteko» abisua eman die Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak espainiarrei. «Jolas erretoriko hauek nahastu egiten dute beste ezer baino gehiago». Beste behin ere, argi utzi du Espainiako Gobernuak ez duela behatz bat ere mugitzeko intentziorik. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak hitzen gainetik ekintzak behar direla, baina «hitz horiek besteak baino hobeak» direla gaineratu zuen.

PPk ere antzeko jarrera agertu du. Antonio Basagoiti EAEko PPko lehendakariak esan du Otegiri on egin diola kartzelak, «formetan» aldaketak ikusten baititu. Hala ere, «funtsean» aldaketarik ez dagoela dio. Soraya Saez de Santamaria Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan du ez duela aldaketarik ikusi.

Bestelako erreakzioak ere izan dira. EAk eta Aralarrek diote Otegiren hitzek berretsi eta osatu egiten dutela ezker abertzaleak bide demokratiko eta baketsuen alde egindako apustua. Aralarrek Espainiako Gobernuari eskatu dio «Otegi eta bide politikoen alde bidea egin duten guztiak» aske uzteko. EAk, berriz, Gernikako akordioan jasotakogutxieneko baldintzak betetzeko eskatu du.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren irudiko, «mugimendu oso garrantzitsua» dagoela erakusten du elkarrizketak, eta ez ezker abertzalean bakarrik, baizik eta baita estatuan ere.

Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserrek «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du. «Aro berri» bat datorrela pentsatzera uzten duela dio, eta eragile guztiek urrats «esanguratsuak» egin behar dituztela.



Gaiz gai

Hona hemen, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak El País-eko elkarrizketan hainbat gairi buruz dioena, hitzez hitz:

Konfiantza. «Guztiok dauzkagu arrazoiak gure aurkariengan mesfidati izateko, (...) baina aurrera egiteko beharra dugu».

Estrategia. «Gure helburuak lortzeko estrategia eraginkorra daukagun sedukzio demokratikorako gaitasun esklusiboan bermatu behar da».

Eztabaida. «Orain egin dugun eztabaida Anoetako adierazpenaren aurretik egin izan bagenu, seguru asko aurreko bake prozesua ez zen zapuztuko».

Presoak. «Presoen kaleratze mailakatuari buruzko edozein akordio atzerapenik gabe landu behar dute ETAk eta [Espainiako] Gobernuak».

Estatua. «Inpresioa eta ziurtasuna daukat, indarkeria armatua mantentzearen alde daudela estatuko sektore boteretsu batzuk».

ETA. «Ez gaude politikoki garaitua izan zen erakunde baten aurrean». (...) «Benetako ETA baten aukera gertagaitza da, ezinezkoa dela ez esatearren».

Atentatuak. ETAk atentaturen bat egingo balu, ezker abertzalearen jarreraz galdetuta: «Hipotesi hori ezinezkoa da niretzat (...). Nolanahi ere, ezker abertzalea gertaera horien kontra jarriko litzateke, bere hausnarketen, nazioarteko komunitatearekin hartutako konpromisoen eta Mitchellen printzipioen kariaz».

Hauteskundeak. «Hauteskundeetan gure presentziarik egon ez dadin saiatzeko benetako arrazoi bakarra zera da: gure presentzia hutsak Euskal Autonomia Erkidegoan aldaketari buruz sortu duten errealitate birtuala eraistea esan nahi duela, karten gaztelu bat balitz bezala. Sinpleki, berriz ere agerian geratuko litzateke euskal nazioaren eta autodeterminazioaren aldeko gakoetan gehiengo bloke herritar baten existentzia».

Legebiltzarra. Berriz ere legebiltzarkide izango al den galdetuta: «Inolako dudarik gabe. (...) Gehiengoa dutenen aldean eseriko naiz, ezkertiarren eta independentisten aldean. Seguruenera guk nahi duguna baino beranduago gertatuko da hori, baina gure aurkariek nahi baino askoz lehenago».

Biktimak. «Elkar onartuz eta errespetuz, gai izan behar dugu Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun hobea eraikitzeko, ahanzturak tokia hartu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.