atxiloketak

Baldintzarik gabe espetxeratu dituzte asteartean Ertzaintzak atxilotutako bost lagunak

Ibon Iparragirre eta Asier Badiolari ETAko kide izatea leporatu die epaileak, eta Jabier Zubizarreta, Xeber Uribe eta Jon Iñaki Esnaolari erakunde armatuari laguntza ematea. Konfiantzako abokaturik gabe izan dira Eloy Velascoren aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialaunetak inkomunikatuta segitzen dute.

2010eko urtarrilaren 30a
21:29
Entzun
Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Jabier Zubizarreta, Xeber Uribe eta Jon Iñaki Esnaola kartzelara bidali ditu Eloy Velasco Espaniako Auzitegi Nazionaleko epaileak, 20:15 aldera jakin denez. 10:00etatik aurrera izan dira bostak epailearen aurrean, konfiantzako abokaturik gabe, inkomunikazio egoeran oraindik.

Iparragirre eta Badiolari ETAko kide izatea egotzi die epaileak, eta Zubizarreta, Uribe eta Esnaolari erakunde armatuari laguntza ematea.

Ertzaintzak atxilotu zituen bostak Ondarroan, Gizaburuagan (Bizkaia), Mutrikun eta Deban (Gipuzkoa), ETAren talde bat osatu izana leporatuta, eta ordutik inkomunikatuta izan dira. Gaur eraman dituzte Auzitegi Nazionalera, 8:30ak inguruan.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eguerdian adierazi du inkomunikazio egoeran izan direla, ofizioko abokatuarekin. "Atxilotuen konfiantzako abokatua epaitegitik kanporatu dute, han ez duela ezer egiteko esanez", jakinarazi du AAMk. "Berriro Auzitegi Nazionaleko epaile batek atxilotuen inkomunikazio egoera muturreraino eraman du. Inkomunikazioak tortura ahalbideratzen duela argi egonik, egoera hau azken unera arte luzatzeak atxilotuek egun hauetan jasandako tratuaz txarrena pentsatzera garamatzate. Defentsa eskubidea ukatzeak eta inkomunikazioa honela luzatzeak Espainiako Justizia sistemak nola funtzionatzen duen erakusten digu".

Operazio horren harira herenegun atxilotutako Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta, berriz, inkomunikatuta dauzka oraindik Ertzaintzak.

Atxilotuen abokatuek epaileari eskatu zioten torturak saihesteko neurriak hartzeko, baina horrek uko egin dio beste epaile batzuk aurretik erabili izan duten protokoloa ezartzeari. Atxiloaldia bideoz grabatzeko, konfiantzako medikuei atxilotuak artatzeko aukera emateko eta senideei haien hurkoak non eta nola dauden jakinarazteko eskatu zuten abokatuek baina, epailearen aburuz, senideek aukeratutako abokatuek ez dute eskaera hori egiteko ahalmenik.

Egoera horren harira, atxilotuen lagunak eta senideak Felix Aranbarri Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeko buruarekin bildu ziren atzo. Herriko sei gazte atxilotu dituztela eta, Udalak adierazpenik ez egitea leporatu diote udalburuari. Jarrera horrekin Udalak herriaren zati handi bat ez duela ordezkatzen salatu dute. Halaber, jakinarazi dute atxilotu guztien inkomunikazio aldia amaitu arte mobilizazioak egingo dituztela.

Miaketak eta ezkutalekuak

ETAren talde bat osatzea egotzi die Herrizaingo Sailak zazpi atxilotuei. 2008an Ertzaintzaren Ondarroako polizia etxean egindako atentatuan parte hartu edo atentatua prestatzen laguntzea eta Azpeitiko telebista uhin hedagailu bati eta AHTko lanei eraso egitea leporatu diete.

Atxiloketen harira, hainbat etxebizitza eta lokal miatu dituzte egunotan. Atzo, Ondarroako etxe baten miaketara eraman zuten Iparragirre. Lekukoek jakinarazi dutenez, herenegun berandu arte eduki zuten han. Alkortaren eta Bedialaunetaren etxebizitzak ere miatu zituzten atzo. Horrekin batera, beste bi ezkutaleku -bat herenegun- aurkitu zituzten atzo, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Lehergailuak prestatzeko materiala eta 40 kilo lehergai aurkitu dituztela esan dute iturri horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.