emakumeen aurkako indarkeria

Baldintzarik gabe espetxeratu dute Maria Puy Perezen bikotekide ohia

Jose Maria Morentinek atzo aitortu zuen Perez hil izana, eta gorpua non zegoen azaldu zuen. Foruzaingoek hilotza aurkitu zuten. Goizean hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Iruñeko Vinculo plazan eta arratsaldean Udaletxe plazan egingo dute.

2009ko ekainaren 23a
19:12
Entzun
Maria Puy Perez zenaren bikotekide ohi Jose Maria Morentin Lizarrako (Nafarroa) Epaitegiko epailearen aurrean deklaratu du gaur, Perezen hilketarekin zerikusia duelakoan. Epaileak baldintzarik gabe espetxeratu du.

Nafarroako foruzaingoak atzo 12:00ak aldera aurkitu zuen Perezen gorpua, Sesmako labore sail batean. Iragan urriaren 11tik zegoen desagertuta Perez, eta Morentinek egindako aitorpenari esker aurkitu ahal izan zuten hilotza. Morentinek atzo aitortu zuen Perez hil izana, eta gorpua non zegoen azaldu zuen. Gorpuzkin guztiak aurkitzeko egunak beharko dituztela jakinarazi du Foruzaingoak.

Jose Maria Morentin, Aiegiko (Nafarroa) 50 urteko gizonezkoa, larunbatetik Foruzaingoaren komisarian egon da atxilotuta, Lodosako (Nafarroa) denda batean bere senitartekoak mehatxatzea eta ordena publikoa asaldatzea egotzita. Delitu horiengatik, atzo epailearen aurrera igaro beharra zeukan. Baina foruzain bati Maria Puy Perezen hiltzailea zela onartu ostean, prozesu hori gelditu egin da. Foruzainak Morentinen konfiantza irabazi zuela, eta hark hilketa aitortu diola jakinarazi du Fernandezek. "Polizia ez da psikologian aditua, baina aurrez pentsatuta jokatu du hasieratik, bere izaera irekiaren bitartez ustezko hiltzailearen konfiantza bereganatzeko", azaldu du.

Elkarretaratzeak hilketa gaitzesteko

Gaur ere, Nafarroako Gobernuak deituta, elkarretaratzea egin dute Iruñeko Vinculo plazan. Perezen senitartekoak eta Nafarroako Gobernuko hainbat ordezkarik parte hartu dute elkarretaratze horretan.20:00etan Sexu Indarkeriaren Aurkako Emakumeen Plataformak Udaletxe plazan elkarretaratzea egingo du. Emakumeen Mundu Martxa Plataformak Euska Herri osoan deitu ditu elkarretaratzeak, ohiko ordu eta tokietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.