komunikabideak

'Baleike' Zumaiako hedabideari eman diote Rikardo Arregi saria

Kazetari gaztearen saria Beñat Sarasola BERRIAko literatur kritikariak jaso du, sari berezia Imanol Murua Uriak 'Loiolako hegiak' liburuagatik eta ohorezkoa 'Argia' aldizkariak 90 urte bete dituelako.

2010eko uztailaren 3a
20:53
Entzun
Baleike Zumaiako herri aldizkari eta Internet atariak jaso du Rikardo Arregi kazetaritza saria, "Zumaiako informazio lokala paperean eta Interneten uztartzeko egindako lanagatik". 1994an sortu zuten Baleike aldizkaria -hilabetekaria da- eta webgunea 2004an. Oroigarriaz gain, 9.000 euro eman dizkiote.

Gorka Zabaleta kazetaria arduratzen da Zumaiako hedabideaz, eta hark hartu du saria. Baleike-ren sorreran parte hartu zuen Zabaletak, eta 2007tik zuzendaria da -Egunkaria-n eta BERRIAn lan egindakoa da, eta Zumaiakoa bertakoa da-. Haren arabera, herri informazioak garrantzia du -"herritarrei gehien axola zaiena gertuko informazioa da"-, eta hori baloratu beharra dago. Gainera, arlo horretan lanean dabilen jendeak "produktu duinak" egiten badakiela erakusten du, Baleike-ko arduradunak esan duenez. Eskerrak eman dizkie euren bazkideei, irakurleei, laguntzaileei eta iragarleei.

Kazetari gaztearen saria Beñat Sarasola BERRIAko literatur kritikariari eman diote, egunkarian arlo horretan egiten dituen lanengatik. 3.000 euro jaso ditu.

Epaimahaiaren sari berezia Imanol Murua Uria BERRIAko kazetariari eman diote, Loiolako hegiak liburuagatik. 4.000 euro jaso ditu. Martxoaren 10ean aurkeztu zuen lana Murua Uriak; 2006ko bake prozesuan EAJ, PSE-EE eta Batasunak Loiola Azpeitiko auzoan egindako negoziazioei buruzkoa da, eta oso harrera ona eduki du jendearen artean (liburua erosteko, hemen).

Ohorezko saria Argia aldizkariak jaso du, 90 urte bete dituelako.

Rikardo Arregi sarien 22. edizioa izan da aurtengoa, eta gaur eguerdian izan da sari banaketa, Andoainen, Bastero kultur gunean. Euskarazko kazetaritzako urteko sari nagusia da -Andoaingo Udala da antolatzailea; hangoa zen Rikardo Arregi zena-. Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak, Arantxa Urretabizkaiak, Alazne Aiestaranek, Joxe Rojasek, Allande Boutinek, Odile Kruzetak eta Patxi Baztarrikak osatu dute epaimahaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.