euskara

"Balia dezagun memoria joko zelai berri bat jartzeko"

'Euskararen kate hautsiak' lana aurkeztu dute Aieteko jauregian. Euskara zokoratzeko mendez mende jarritako kateak, eta jazarpenari euskaldunek aurre egiteko izan duten moduaz lekukotasunen bilduma egin du Euskal Memoriak. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak zuzeneko kontakizuna egin du.

Aurkezpena egin aurreko argazkia. AITOR KALTZAKORTA, @KALTZAKORTA
Berria.info
2013ko azaroaren 27a
18:44
Entzun

"Barre egiten ziguten, tonto deitzen ziguten". Euskaldunon lekukotzen bideo bat erakutsiz hasi dute Euskararen kate hautsiak liburuaren aurkezpena. Arantxa Erasun Euskal Memoriaren izenean hasi da hizketan, "onartu ez diguten minaz". "Bazterketa" hitzarekin hasi du hitzaldia, euskararen jazarpenak ekarri dituen ondorioak ederki laburtzen baititu hitz horrek. 

Joanmari Torrealdai, Joxerra Gartzia, Kontxita Beitia, Josu Txueka, Paul Bilbao, Iban Arregi, Joxemanuel Odriozola, Alberto Barandiaran... Euskalgintzaren alorreko izen horiek denak eta gerturatu diren gainerakoak ere euskaldun, eta zapaldu. Horixe da hain zuzen, liburuaren jomuga: jazarpena jasan duten euskaldunen lekukotasunak, euskararen jira-bueltan aritu direnen artikuluak eta aditu batzuekin eginiko elkarrizketak bildu ditu. Euskal Memoria fundazioaren altzoan, Dabid Anautek taxutu du liburua. Mardula da, ia mila orrialde ditu.

Ondorio batzuen berri eman ditu Anautek aurkezpenean: "Zapalkuntza gertatu da modu askotan, baina gehienetan eraginkorra izan da". Memoriaz hainbeste hitz egiten den aldiotan, euskaldunek pairaturikoa ere jaso nahi izan dute. "Ariketa kolektibo baten emaitza" da, Anauten arabera. Hori du bigarren izenburu liburuak: Hizkuntza zapalkuntzaren memoria.

Zapalkuntza modu askotara egin da eta egiten da, "gaur ere bada-eta". Gaziak eta gozoak Paul Bilbaok aipatu dituenak, Anauten lekukoa hartu duenean: haren arabera iraganeko gaziak eta gozoak, "beharrezkoak dira etorkizuna eraikitzeko". Aditzera eman duenez, "estatuek egiturazko galga jartzen jarraitzen dute", euskaraz hezi eta hazteko, eta galga hori gainditzeko ezinbestekotzat jo du egindako bidea ezagutu eta erabiltzea: "Balia dezagun memoria joko zelai berri bat jartzeko". Txalo artean amaitu da ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.