Hodei Egiluz

Baliabide gehiago eskatu dituzte Europan pertsona desagertuak bilatzeko

Europako Legebiltzarrean oroitu dute Hodei Egiluz, hura desagertu zeneko bigarren urteurrenean.

Larunbatean Anberesen egin zuten elkarretaratzea. Argazkian, Hodei Egiluzen aita Pablo Egiluz. MARTA BORRáS, EFE
2015eko urriaren 19a
12:23
Entzun

Astelehenean bete dira bi urte Hodei Egiluz Galdakaoko (Bizkaia) gaztea desagertu zela Anberesen (Flandria). Urteurrena gogoan, jardunaldiak egin dituzte Europako Legebiltzarrean desgerturik dauden europarrei buruz. Batik bat, haien bilaketa lanak hobetzeko protokoloak eta baliabideak nola findu izan dituzte hizpide legebiltzarreko hainbat ordezkari politikok.

Besteak beste, Izaskun Bilbao EAJko legebiltzarkideak parte hartu du jardunaldietan. Haren esanetan, zerbaitek “huts” egiten du; desagertuen datuak ez direla behar bezala gurutzatzen salatu du. Jardunaldiarekin batera elkarretaratzea ere egin dute Bruselan Egiluzen senide eta lagunek. Larunbatean, Anberesen egin zuten kontzentrazioa.

Egiluzen aita Pablo Egiluzek Radio Euskadin adierazi du Belgikako Gobernuari eskatuko diotela baliabide gehiago jar ditzala bilaketa lanetarako. Anberesko fiskalak Hodei Egiluzen desagertzeari buruzko ikerketa ixtea erabaki eta gero egingo dute eskaera hori.

Espainiako Kongresuan ere izan dute hizpide Egiluzen auzia. Amaiur alderdiak galdera sorta bat egin dio Espainiako Gobernuari gaztearen desagertzeari buruz zer ekimen burutu dituen jakiteko. 

Bi urte berririk gabe

Hodei Egiluzek ingeniari informatiko ziharduen Anberesko enpresa batean, eta lankideekin afaltzera atera zen; etxerako bidean lapurreta egin zioten, eta, ondoren, haren arrastoa galdu zen.

Erasoaren ostean, gaztearen irudiak jaso zituzten MAS museoaren inguruko segurtasun kamerek, eta lekukoek adierazi zuten Egiluzek laguntza eskatu ziela, norbait segika zuela-eta, baina lasai uztea erabaki zutela, nahastuta zirudielako. Ondoren gertatutakoaz ez dago arrastorik. 23 urterekin desagertu zen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.