HZren baliogabetzea

Baliogabetzeari erantzuteko, manifestazioa egingo du HZk gaur zortzi Bilbon

Beren hautagaitzaren baliogabetzea "euskal herritar guztien" aurkako erasoa da HZren iduriko, eta, ildo horretatik, "erantzun bat" ematea ezinbestekoa dela iritzi diote. Hala, manifestazioa egingo dute gaur zortzi, Bilbon, 'Euskal Herria libre aurrera' lelo hartuta. Eragile politiko, sozial eta sindikal guztiak gonbidatu dituzte erantzun horren parte izatera. Horrez gain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakia edozein izanda ere, "Europan legala" den boto paperarekin bozkatzeko deia egingo dute, HZren Ipar Euskal Herriko txartelak erabiliko dituztela iradokiz.

2004ko maiatzaren 22a
14:01
Entzun
HZ Herritarren Zerrendak batzar nazionala egin du gaur goizean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Espainiako Auzitegi Gorenak atzo hartutako erabakia —beren hautagaitza baliogabetzea— izan dute mintzagai nagusia: balorazioa batetik, eta, bestetik, ebazpen horren aurrean hartu beharreko bidea erabakitzea.

Balorazioari dagokionez, "erabaki larria" dela azpimarratu dute HZko arduradunek batzarraren ostean kazetarien aurrean egindako agerrladian. Larria, "milaka herritarren heriotza zibil eta politikoa" delako, eta HZrekin bat egin dezaketen herritarren aurkakoa ez ezik, "euskal herritar guztien" kontrakoa dela iruditzen baitzaie.

HZko buruek agertu dute eurena ez dela Euskal Herrian baliogabetutako lehen hautagaitza, baina aitortu dute, PSOE Espainiako Gobernuan izanik gertatzeak desengainu handiagoa eragin diela. "Ez diogu garrantziarik kenduko gure aurretik gertatutakoari, ezta urrik eman ere, baina egia da PSOEren gobernu berriaren aurrean piztutako espektatibekin optimistagoak izateko aukera ikusten genuela. PPrekin bilera bakarra nahikoa izan da, ordea, gobernu honek aurrekoaren mekanismo eta forma berberak martxan jartzeko, gure herriari dagokionean bederen", adierazi dute.

Hori guztia dela eta, erantzun bat ematea derrigorrezkoa dela iruditzen zaio HZri, eta manifestazio nazionala antolatu dute gaur zortzirako, hilaren 29rako, Bilbon. 'Euskal Herria libre aurrera' izango da manifestazioaren leloa. Erantzun horren helburua "bere burua ezkerreko eta progresistatzat duen PSOE alderdiaren errektifikazioa" erdiestea dela zehaztu dute.

Baliogabetzearen aurka, alegazioak aurkeztu ditu HZk, eta azken erabakia Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu behar du. Nolanahi ere, HZko buruek iragarri dute, Konstituzionalaren epaia edozein izanda ere, "Europan legalak diren boto paperekin" bozkatezeko deia egingo dutela; hots, Konstituzionalak baliogabetzea berretsiko balu, HZren Ipar Euskal Herriko boto paperak Hego Euskal Herrian erabiltzeko deia egingodutela. Boto horiek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan baliogabeak izan arren, "errebeldiaren bozka" izango direla azpimarratu dute.

Era berean, Espainiako Estatuak HZ ilegalizatzeko ahalegina egin arren, Frantziak ez diola hautagaitza berari inolako oztoporik jarri nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.