Ibarretxe Plana

Baliozkoa izan dadin bere planak EAEko herrialde bakoitzaren onespena beharko duela esan du Ibarretxek

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak gaur argitu duenez, bere plana baliozkoa izan dadin, euskal gizarteak ez ezik, EAE Euskal Autonomi Erkidegoko herrialde bakoitzak onartu beharko du; hau da, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren onespena beharko du. Etorkizunera begira, itxaropentsu agertu da lehendakaria: irailean aro berri bat hasiko dela iragarri du.

2003ko abuztuaren 20a
17:55
Entzun
Bilbon egiten ditu adierazpen horiek guztiak Ibarretxek,hain zuzen ere, Aste Nagusiaren kariaz Bilboko Udalak antolatuta Vista Alegre zezen-plazan egin den bazkari ofizialaren aurretik. "Behin Legebiltzarrak plana onartuta, eta euskal gizarteari kontsulta egin ostean, oinarrizkoa da egitasmoakeuskal gizartearen gehiengoaren onespena lortzea ez ezik, gehiengo hori lurralde historiko bakoitzean eskuratzea", adierazi duEAEko lehendakariak. "Legebiltzarretik ateratzen den proiektuak Euskal Autonomi Erkidegoaren onarpenaz gain, Araba, Bizkaiarena eta Gipuzkoarena beharko du", azpimarratu du berriro.

Ibarretxek esan duenez, premiazkoa da "herri kohesionatu" bat eraikitzea: "Oso argi baitaukat ezin dela herri bat eraiki herri horretako zati guztiek ez badute proiektu politiko bat onartzen".

Iraila "oso hilabete garrantzitsua" izango dela erantsi due lehendakariak, ikuspuntu politikotik ez ezik, baita ikuspegi sozialetik ere. "Irailetik aurrera ETA behin betiko gure bizitzetatik erauzteko gai izango gara, eta horretarako arazo politikoei buruzko eztabaidari arrazoiz, zentzuz eta lasaitasunez helduko diegu", adierazi du.

Ideia hori zehaztuz, irailean Eusko Jaurlaritzaren izenean berak aurkeztutako planaren eztabaidari ekingo zaiola argitu du Ibarretxek, baina, era berean, beren proposamenak mahai gainean jarri nahi dituzten guztien egitasmoak eztabaidatuko direla. "Beraz, datozen hilabeteetan debate politikorako aro garrantzitsu bat zabalduko dugu, irtenbideak topatzeko garaia baita, eta ezin baitugu segundo bat gehiagoz ere atzeratu konponbideen bilaketa", azpimarratu du.

Lehendabizi Eusko Legebiltzarrean bere plana eta beste talde politikoek aurkeztu ahal izango dituztenak eztabaidatuko direla azaldu du lehendakariak, eta hurrengo epe batean —ez du noiz izango den zehaztu— Legebiltzarrean onartutako proiektuari buruzko galdeketa herritarrei egingo zaiela. Galdeketa hori "indarkeriarik gabeko egoeran" egingo dela zehaztu du Ibarretxek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.