Kasu batean sei ustelkeria delitu egon diren susmoa du Barakaldoko (Bizkaia) lehenbiziko instrukzio epaitegiko magistratuak. Bertan inplikatuta daude Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohi Aitor Santiesteban, udalarentzat lan egiten duen arkitekto bat eta lau enpresari. Epaileak eskatu du fiskaltzak eta kereilariek euren akusazioak aurkezteko. Epailearen arabera, susmoak daude sei inplikatuek «estatuaren, probintzien eta tokiko funtsen kontura hainbat obra egiteko itxura sortu zutela, ondare publikoen kaltetan». Haren erranetan, baliteke ustelkeriarekin lotutako sei delitu egin izana, hala nola prebarikazioa, diru laguntzetan iruzurra edo dokumentuak faltsutzea.
Aztertutako kasua 2008an gertatu zen. Santiestebanek obra batzuk egokitu zizkien Construcciones Laneder eta Pabisa enpresei, Artibako bidean, bertako futbol zelaian eta Loibeko inguruetan. Proiektuak finantzatu ahal izateko, laguntzak eskatu zizkioten Bizkaiko Foru Aldundiari eta Espainiako Gobernuari. EH Bilduk proiektuok salatu zituen, diru publikoa eragile pribatuetara bideratzeko aukera bat bertzerik ez zela argudiatuz.
Sinatu ziren dekretuetako batzuekin, baina, tokiko idazkaritza kontra agertu zen, legezkoak ez zirela argudiatuz. Estatuaren abokatutza ere akusazio partikular gisa lerrokatu zen, konturatu baitzen proiektu horietan estatuko dirua zegoela. Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ere hala agertu ziren.