Joan zen asteazkenean zibereraso handia pairatu zuen ANIMSA enpresa publikoak, zeinak Nafarroako 179 udal eta tokiko erakunderen informatika zerbitzuak kudeatzen dituen. Horren eraginez, horietako 150ren webguneak eta posta zerbitzuak bertan behera egon dira azken egunetan. Enpresak gaur plazaraturiko agiri batean adierazi du jo eta ke dabilela zerbitzuok leheneratzeko lanean, eta jada sartu dela «berreskuratzeko eta berriz eraikitzeko» fasean. Edonola ere, ohartarazi dute ezin dutela esan noiz egongo den arazoa konponduta, eta balitekeela «luze» jotzea.
Adituen arabera, ransomware deituriko eraso mota da. Halakoetan, gaizkileak zerbitzari batean sartzen dira, eta horren edukia enkriptatu egiten dute. Ondoren, dirua eskatzen ohi diete biktimei, informazioa berreskuratzearen truke. Zabaldu dutenez, Lituanian dagoen zerbitzari batetik egin zuten erasoa. Ez dute esan, ordea, nor egon daitekeen horren atzean.
Erasoaren eraginez, herritarrak ezin dira posta elektronikoz komunikatu hainbat udalekin, eta udalen zerbitzuak eskatzeko hainbat webgunetara ez dago sartzerik.
Enpresak esan duenez, bere taldeak «jo eta ke» dabiltza lanean, eta zerbitzuak berreskuratzen saiatzen ari da «garrantziaren eta kaltearen arabera». Baina ohartarazi dute berriz eraikitzeko lanetan segurtasuna lehenetsiko dutela azkartasunaren gainetik. «Funtsezkoa da une honetan berriz ez erortzea», idatzi dute.
«Zibereraso batetik onera itzultzeko denbora, hori ez dago zehaztuta. Gure kasuan, nahiz eta zerbitzuak berreskuratuz joango garen, baliteke dena konpontzeko prozesua luzea izatea. Berreskuratzea bermearekin egitea da une honetan garrantzitsua».
Nafarroako Gobernuak eta haren menpeko enpresa publikoek urtean 600.000 zibereraso jasaten dituzte batez beste. Gehienak arinak dira, eta ez dute helburu gobernua bera.
Konpainiak esan duenez, izurriak eragindako telelanak eta Ukrainako gerrak eragin dute erasoak areagotzea.