Balluerkak dio selektibitatea BECen egitea «aukera nahiko egingarria» dela

Oraindik gaia lantzen ari direla ziurtatu du, eta EHUren campusak eta BEC ez ezik, Araban eta Gipuzkoan batxilergoko ikastetxe «gutxi batzuk» ere erabili daitezkeela aipatu du. Datorren ikasturterako, presentzialtasunari dagokionez, «eszenatoki mixto bat» lantzen ari dira.

Ikasleak selektibitatea egiten, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 5a
10:51
Entzun

Hilabete eskas falta da milaka ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiteko, eta oraindik ez dago argi non eta nola egingo den. Nekane Balluerka EHUko errektoreak, ETB1en emandako elkarrizketa batean, jakinarazi du BEC «aukera nahiko egingarria» dela. «Segur aski Batxilergoko zentro gutxi batzuk ere erabili ahal izango Gipuzkoan eta Araban», erantsi du. Hala ere, oraindik gaia lantzen ari direla nabarmendu du. «Pentsatzen dut aste honen amaierarako izango dugula agertoki nahiko garbia, eta familiei eta ikasleei informazio hori eman ahal izango diegu».

Azterketak egiteko «deszentralizazio bat» nahi dutela azpimarratu du. Errektorearen hitzetan, 12.000 ikasle daude matrikulatuta selektibitatean –11.000 inguruk egingo dutela pentsatzen du– , eta EHUren campusetan ez dira denak sartzen. «Printzipioz, hiru campusetako espazio gehienak beteko dituzte, segurtasun neurriak betez: bi metroko distantzia, maskarak...». Beraz, gehien bat EHUren zentroak erabiliko dituztela esan arren, beste eremu batzuk erabiltzeko ateak zabalik utzi ditu: «Askoz hobe da eremu desberdinak erabiltzea, hara joaten direnean ere modu ordenatuagoan joan daitezen».

Datorren ikasturtea irailaren 7an edo 15ean hasiko dela uste du. «Printzipioz, egutegia ez da aldatuko, baina atzerapen bat egongo balitz, nik ez nioke garrantzi berezirik emango». Hurrengo ikasturtea planifikatzen ari direla ere esan du. Egoera zein izango den ez badakite ere, «agertoki misto baterako» lanean ari dira. «Gu aurrez aurreko unibertsitate bat gara, eta ahal dugun guztia aurrez aurre emango dugu, baina ikusi beharko da osasun agintariek zer baldintza jartzen dizkiguten». Segur aski streaming teknologia martxan jartzeko inbertsio bat egingo dutela ziurtatu du. «Aukera bat izan daiteke, adibidez, 80 pertsona badaude klase batean, astelehen batean 40 egon daitezen irakaslearekin aurrez aurre, beste 40k streaming bidez aritzea, eta hurrengo egunean txandakatzea». Praktiketan eta mintegietan jende gutxiago elkartzen denez, aurrez aurreko modalitatean pentsatzen ari direla dio.

Orain arte unibertsitatean teknologikoki «nahiko prest» zeudela uste du Balluerkak, baina jendeari kostatu zaiola eskolak emateko modua egun batetik bestera aldatzea. «Beraz, uste dut formakuntzan oraindik esfortzu handiagoa egin behar dugula».

Nafarroan, institutuetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko eta Tuterako Campusetan egiten dute Nafarroako ikasleek selektibitatea. Aurten, ordea, koronabirusa dela eta, ohikoa baino eremu handiagoa beharko da ikasle denak segurtasun neurriak betez sartzeko, eta, beraz, bi egoitza horiez gain Gurutzeta Plaza, Iturrama, Basoko eta Zizur institutuetan ere egingo dute selektibitatea. Pilaketak saihesteko, gainera, lau egunetan egingo dute unibertsitatera sartzeko proba, eta protokolo zehatzak aplikatuko dituzte azterketa eremuetara sartzeko eta ateratzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.