Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak maiz hitz egin du inkomunikazioari buruz. Haren arabera, «atxilotuak inkomunikatzea ezinbesteko tresna da, terrorismoaren eta kale borrokaren kontrako borrokan». Iazko otsailaren 18an, Ertzaintzak 9 lagun atxilotu eta inkomunikatu ondoren egin zituen adierazpen horiek Balzak Eusko Legebiltzarrean, eta Herrizaingo sailburua prest agertu zen inkomunikazioa «behar den guztietan» erabiltzeko.
Balza ez da inoiz prest agertu inkomunikazioa kentzeko, eta torturaren kontrako erakundeek egindako beste aholkuak jarraitzearen kontra ere hitz egin du. Hala, ertzain etxeetan kamerak jarri eta galdeketak grabatzeari buruz galdetuta, neurri horrek «ertzainen segurtasuna arriskuan» jarriko lukeela eta horren bideragarritasuna zalantzan jarri zuen. Bestalde, Ertzaintzaren kontra jarritako tortura salaketak «faltsutzat» jo izan ditu Herrizaingo sailburuak. 1998ko azarotik, bera Herrizaingo Sailean dagoenetik, Ertzaintzaren kontrako salaketarik ez dela frogatu adierazi zuen iazko urrian, Theo Van Boven NBEko kontalariaren aurrean; baina 2002ko ekainean egindako adierazpen batzuetan askoz urrutirago joan zen, eta bera Herrizaingo Sailean ez zegoeneko aipamena egin zuen: «Moralki ziur naiz torturengatik inoiz ez dela epairik egon Ertzaintzaren kontra; praktika hori ez daohikoa, eta ezta ezohikoa ere, ez baita ematen».Van Bovenekin izandako bileran, Balzak esan zuen euskal herritarrek «konfiantza» osoa dutela Ertzaintzarengan. «Euskal gizarteak badaki Ertzaintzak ez duela torturarekin edo tratu txarrekin zerikusia duen praktikarik egiten». Bestalde, Ertzaintzaren kontrako salaketek helburu bakarra dutela esan zuen Balzak egun berean. «Ohiko jokaera da hori, agindua dute galdeketetan lan egiten duten ertzainak identifikatu ahal izateko».2002ko azaroan, bestetik, NBEren torturei buruzko txostenean Ertzaintza ez zela aipatzen ere argudio gisa erabili zuen Balzak. Txosten horretan, baina, ez zen ez Ertzaintza ez eta beste poliziarik aipatzen; soilik inkomunikazio eperako aholkuak ematen ziren.
TORTURA
Balza, beti inkomunikazioaren alde
Balzak beti egin dio uko inkomunikazioa kentzeari, eta «behar denean» ezartzeko prest agertu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu