BECeko ekitaldia

Balzaren, Luesmaren eta Otegiren aurkako salaketa aurkeztu du Manos Limpiasek, BECen ekitaldia egin zelako

Larunbatean BEC atarian eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia egin zela eta, Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren, Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren eta Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiaren aurkako salaketa aurkeztu du Manos Limpias funtzionarioen sindikatu eskuindarrak. "Agintari judizialei desobeditzea" leporatzen die Manos Limpiasek Espainiako Fiskaltza Nagusira igorri duen salaketa horretan.

2006ko urtarrilaren 23a
16:55
Entzun
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasunak BECen (Barakaldo, Bizkaia) egin behar zuen ekitaldia galarazi izana hartu du Manos Limpiasek salaketarako oinarritzat. Izan ere, sindikatu eskuindar horren arabera, herritar talde batek deitu, eta Batasunaren, EAren, Aralarren, ABren zein ELA eta LABen parte-hartzearekin egin zena "Batasunaren ekitaldia" izan zen. Beraz, legeari iruzur egin zaiola iritzi dio, eta Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Luesma Espainiako Gobernuaren ordezkariak agindu judiziala desobeditu eta baimendu egin zutela. "Zuzenbide Estatuari, ebazpen judizialei, iseka egin zaie, Javier Balzaren eta Paulino Luesmaren pasibitateari esker, eta Batasuneko buruzagi nagusi Arnaldo Otegiren parte hartzearen bidez", nabarmendu dute salaketa idatzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.