KLIMA ALDAKETARI BURUZKO PARISKO GOI BILERA

Ban: "Datozen belaunaldien etorkizuna gure esku dago"

Klima aldaketaren gaineko COP21 goi bilerari ofizialki ekin diote Parisen. Zientzialariek ezarritako bi graduko berotze orokorraren marra gorria ez gainditzeko zer egingo duten azaldu beharko dute estatuek. Kyotoko Protokoloa ordezkatzeko azken aukera izango da.

Ban Ki-moon eta Barack Obama elkarri bostekoa ematen, Francois Hollanderen begiradapean. CHRISTOPHE ENA / POOL
2015eko azaroaren 30a
07:21
Entzun

Manuel Pulgar Vidal Peruko Ingurumen ministroak eman dio hasiera ofizialki Parisko goi-bilerari. 11 egunez bilduko dira 195 herrialdetako ordezkariak.

Adierazpenen unea izan da goi-bilerari ofizialki ekin ondorengoa. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek garrantzia eman nahi izan dio goi-bilerari: "Hemen gaude planetarentzat etorkizun hobe baten gidoia idazteko, denontzako itxaropen, segurtasun eta duintasun etorkizun bat". Herrialdeetako agintariei zuzendu zaie: "Leku berean gaude helburu komun batekin, gauzak aldatzeko boterea dugu, konpromisoaren, malgutasunaren eta adostasunaren bidea hauta dezagun".

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Xi Jinping Txinako presidentearekin elkartu da, eta bi herrialdeak klima aldaketaren aurka koordinatzearen eta egiten diren ahaleginen "gardentasunaren" garrantzia azpimarratu du Obamak: "Biak bat gatoz gure ardura dela neurriak hartzea". Francois Hollande Frantziako presidentearen hitzetan, munduak inoiz izan duen "erronka handiena" da klima aldaketarena: "Zuen ahaleginak itxaropen handia sortzen du, eta ezin dugu huts egin".

Kyoto berritzea helburu

Kyotoko Protokoloak erreferentziatzat jo zuen 1990. urtetik 2010era hiru hamarkada igaro dira, eta berotegi efektuko gasen isurketa %80 igo da denbora tarte horretan. Ondorioz, egoera larria da. Izan ere, egungo joerari eutsiz gero, munduaren tenperatura lau gradu artean berotuko litzateke mende amaierarako, eta horrek eragin ditzakeen ondorioak, aurreikusezinak ez ezik, oso larriak ere izan daitezkeela iragarri dute zientzialariek. Alde horretatik, NBEko klima aldaketarako gobernu arteko aditu taldeak (IPCC) eskatu die munduko agintariei dagozkien neurriak hartzeko munduko tenperatura bi gradu baino gehiago igo ez dadin.

Parisen oso zaila izango da, ezinezkoa ez esateagatik, bete beharreko itun bat lortzea. Izan ere, akordio horrek herrialde guztien aldeko botoa beharko luke —195 estatu eta Europa—, eta hor traba nagusi bat dago: AEBen jarrera. Izan ere, AEBetako Konstituzioaren arabera, nazioarteko itunak babestu ahal izateko, Senatuaren bi herenen babesa behar da. Berriki egindako bozketa batean, Senatuak ezetsi egin ditu Barak Obama presidentearen asmoak herrialdeko enpresa elektrikoen isurketak murrizteko.

Munduko herrialde gehienek aurkeztu dizkiete COP21eko antolatzaileei zer konpromiso hartzeko asmoa daukaten arazoari aurre egiteko. Hogei herrialdek, tartean Txinak, Ameriketako Estatu Batuek, Indiak, Indonesiak eta Brasilek adostu dute energia garbiaren inguruko ikerketarako inbertsioak bikoiztea. Obamak eta Hollandek gaur emango dute akordioaren berri. Bilera ofizialaz gain, Klima 21 koalizioaren programa ere martxan egongo da Parisen. 130 sindikatu, elkarte eta gobernuz kanpoko erakundek osatzen dute koalizioa.

COP21 hau berriki Parisen Estatu Islamikoak egindako atentatuek eragindako egoerak baldintzatuko du. Hala, goi bilerari lotuta antolatuta zeuden bi manifestazio handiak —joan den igandekoa eta abenduaren 12koa— debekatu egin ditu Frantziako Gobernuak. Istiluak izan ziren igandekoan, eta 341 lagun atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.