Analisia. Joxerra Senar: Kutxako magoa.

2013ko maiatzaren 17a
11:07
Entzun

Nafarroako Kutxaren auziaren erdigunean, Enrique Goñi dago. Aurrezki kutxarekin zerikusia duten afera guztietan, zeharka edo zuzenean, hari batetik edo bestetik tiraka, haren izena ageri da. Polemikoa bezain poliedrikoa denez, pertsona erakargarria ere bada. Ke saltzaile, suge liluratzaile, komunikatzaile on, megalomano, kudeatzaile txar, diru xahutzaile... Zenbat adjektibo jarri diren azkenaldian haren izenaren alboan!

Ondorengo gertaerak ikusita, Nafarroako Kutxara iritsi zeneko prozesua oso-oso garrantzitsua izan zen. Manuel Lopez Merino Iruñeko Kutxako zuzendari nagusi ohiak aitortu izan duenez, CANek Iruñeko Kutxari bat egiteko proposamen ofiziala egin eta gutxira, 1998ko martxoaren 28an, Sanzek Las Pocholas jatetxean iragarri zion bat egitearen ondotik Goñi izango zela kutxako zuzendaria. Garai hartan, Goñik Bartzelonan lan egiten zuen, Agrupacion Mutuan. Oraindik lau urte falta ziren zuzendari izateko, baina hasiera-hasieratik Sanzek eta Nafarroako botere ekonomikoek beren gizona hautatua zuten. Datu hori argigarria da, baina misterioa oraindik ez da erabat azaldu: Sanzek zergatik egin zuen apustu hain irmo aseguru etxeen negozioan aritutako eta finantza esperientziarik gabeko iruindar haren alde?

Azkenik, 2002an zuzendari nagusi izendatu zuten, oposizio guztiaren iritziaren aurka. Berehala nabaritu zen haren eskua. Langileek kontatzen dutenez, Goñiren aurrekoak, Lorenzo Riezuk, diapositibekin aurkezten zizkien kutxaren emaitzak urtero. Goñi iritsi zenean, show-business-a hasi zen, eta Baluarten, arrandia handiz, aurkezten ziren emaitzak eta plan estrategikoak. «Finantza sektorean gertatu denaren erradiografia bat da. Diapositibekin jarraitu izan bagenu, maileguekin irabazten genuenaren eta gordailuetan ordaindu behar genuenaren arteko diferentziari jarriko genion arreta... Bestea, mago bat da. Kea, ikuskizun hutsa», dio langile ohi batek.

Metafora egokia da. Magoen antzera, hare estrategiak arreta desbideratzeko dira. Enrique Goñiren gestioa aztertzean, dena da handia eta distiratsua. Hala ere, zifra handien, hitzen liluraren eta proiektu handinahien atzean, porrota baino ez dago. Porrota... eta iluntasuna. Ilunak baitira eraikuntza enpresen eta kutxaren arteko interes gurutzatuak. Ilunak baitira Espainiako botere ekonomiko jakin batzuk ordezkatzen dituzten pertsonekin eta enpresa zehatz batzuekin zituen loturak. Ilunak bezain konplexuak baitira CANen enpresa sarearen atzean ezkutatzen ziren negozioak eta galerak. Iluna baita Vialogos enpresaren bitartez Nafarroako gizartean barneratu nahi zen ideologia. Iluna baita Enrique Goñi bera.

Prozesu osoaren betetzailea izan zen, eta hark eraman du galbidera kutxa. Hamelingo flautistarekin gertatu zen bezala, azken unera arte babesa adierazi dioten politikari, enpresaburu, ekonomista eta Nafarroa ofizialeko ordezkari guztiak joan dira haren atzetik. Sanzen modura, zergatik lotu zioten hain sutsu euren etorkizuna aseguru saltzaile hari? Erantzun bakarra baino ez dago: interes ekonomiko zehatzak.

Orain inputatuta dago. Prozedura hasi besterik ez da egin. Kutxa galbidera eraman eta oraindik erabat aitortu gabeko soldataren soilik milioiak eraman dituen gizonak gutxienez prezio bat ordaindu beharra du. Ez da posible mila milioi euroko ondare galera eragin duen zuzendaria anabasatik onik eta poltsikoak beteta ateratzea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.